Antzaldaketa: nekaldi ondoko aintza aurrez agertu

(Mk 9,2-13; Lk 9,28-36)

1 Handik sei egunera, Jesusek Pedro, Santiago eta honen anaia Joan hartu eta mendi garai batera eraman zituen aparte. 2 Eta antzaldatu egin zen haien aurrean: aurpegia eguzkia bezain distiratsu bihurtu zitzaion eta jantziak argia bezain zuri. 3 Hartan, Elias eta Moises agertu zitzaizkien Jesusekin hizketan. 4 Pedrok esan zion Jesusi: «Jauna, zein ederki gauden hemen! Nahi baduzu, hiru etxola egingo ditut bertan: bata zuretzat, bestea Moisesentzat eta bestea Eliasentzat». 5 Oraindik hizketan ari zela, hodei argi batek estali zituen, eta mintzo batek hodeitik esan zuen: «Hauxe dut neure Seme maitea, hauxe dut atsegin. Entzun berari!» 6 Hau entzutean, ikasleak ahuspez erori ziren beldur-ikaraz. 7 Hurbildu zitzaien Jesus, ukitu eta esan zien: «Zuti zaitezte. Ez beldurtu!» 8 Begiak altxaturik, Jesus bakarrik ikusi zuten, eta besterik inor ez.