Erregetzari buruzko parabolak (13,1-52)
Ereilearen parabola
1 Egun batez, Jesus etxetik atera eta aintzira-ertzean eseri zen. 2 Eta hainbeste jende bildu baitzitzaion ondora, txalupa batera igo eta eseri egin zen. Jende-taldea, berriz, hondartzan zegoen. 3 Eta luze hitz egin zien parabola bidez. Honela mintzatu zitzaien: «Atera zen behin ereilea hazia ereitera. 4 Ereitean, zenbait ale bide-bazterrean erori zen, eta txoriek etorri eta jan egin zuten. 5 Beste zenbait harri artean erori zen, lur handirik ez zen tokian; eta, axaleko lurra izanik, berehala erne zen; 6 baina eguzkiak jo orduko, erre egin zen eta, sustrairik ez zuelako, ihartu. 7 Beste zenbait ale sasi artean erori zen, eta sasiek, haztean, ito egin zuten hazia. 8 Gainerakoak lur onean erori ziren, eta fruitua eman zuten: bateko ehun edo hirurogei edo hogeita hamar. 9 Ulertzeko gauza denak uler beza».Zergatik mintzo den Jesus parabola bidez
10 Ondoratu zitzaizkion ikasleak Jesusi eta galdegin zioten: –Zergatik hitz egiten diezu parabola bidez? 11 Jesusek erantzun zien: –Zuei eman zaizue Jainkoaren erregetzaren misterioak ezagutzea; horiei, ordea, ez. 12 Izan ere, duenari eman egingo zaio, eta gainezka izango du; ez duenari, ordea, daukan apurra ere kendu egingo zaio. 13 Hona zergatik hitz egiten diedan parabola bidez: begiratu bai, baina ikusten ez dutelako; entzun bai, baina ez aditzen, ez ulertzen ez dutelako. 14 «Horrela, Isaias profetak esana betetzen da horiengan:«Entzungo duzue, bai,
baina ulertu ez;
ikusiko duzue, bai, baina ohartu ez.
15 Izan ere, herri honek
gogortu egin ditu buru-bihotzak,
gortu belarriak, itsutu begiak.
Ez bezate beren begiez ikus,
ez belarriez entzun,
ezta buruaz ulertu ere,
horrela niregana bihur ez daitezen
eta salba ez ditzadan. 16 «Zorionekoak, ordea, zuen begiak, ikusten dutelako, eta zuen belarriak, entzuten dutelako! 17 Benetan diotsuet: Profeta eta gizon santu askok ikusi nahi izan zuten zuek ikusten duzuena, baina ez zuten ikusi, eta entzun nahi zuek entzuten duzuena, baina ez zuten entzun.
Jesusek ereilearen parabola argitu
18 «Entzun ezazue, beraz, ereilearen parabolaren esanahia. 19 Erregetzaren mezua entzun bai, baina ulertzen ez duenari, gaiztoa etortzen zaio eta bihotzean erein zaiona kendu egiten dio. Hori da, mezua “bide-bazterrak” hazia bezala hartzen duena. 20 “Harri-arteak” bezala hartzen duena hauxe da: mezua entzutean, berehala pozik onartzen duena; 21 baina sustrairik gabea eta iraupen gutxikoa izanik, mezua dela-eta estuasun edo erasoaldiren bat sortu orduko, erori egiten da* 13,21 erori egiten da: H.h., eskandalizatu egiten da; ik. Mk 6,3 oh.. 22 “Sasi-arteak” bezala hartzen duena hauxe da: mezua entzun bai, baina bizitza honetako ardurak eta diru-goseak mezua ito egiten diotena, fruiturik gabe utziz. 23 “Lur onak” bezala hartzen duena hauxe da: mezua entzun eta ulertzen duena; honek fruitua ematen du: bateko ehun edo hirurogei edo hogeita hamar».Gari arteko olo gaiztoaren parabola
24 Beste parabola bat proposatu zien Jesusek: «Jainkoaren erregetzarekin, gizon batek soroan hazi ona erein zuenean bezala gertatzen da. 25 Etxeko denak lo zeudela, etsaiak soroan sartu eta gari artean olo gaiztoa erein zuen eta alde egin. 26 Garia hazi eta burutu zenean, olo gaiztoa ere agertu zen. 27 Joan ziren, orduan, morroiak etxeko nagusiari esatera: “Jauna, ez al zenuen hazi ona erein soroan? Nondik du, bada, olo gaiztoa?” 28 Hark erantzun zien: “Etsaiaren lana da hori”. Eta morroiek: “Joango al gara olo gaiztoa biltzera?” 29 Baina nagusiak: “Ez, ez dadila gerta olo gaiztoa biltzean garia ere ateratzea. 30 Utzi biak batera hazten uztaroa iritsi bitartean; orduan, igitariei esango diet: Bildu lehenik olo gaiztoa, lotu eta erre; garia, berriz, jaso nire mandiora”».Mostaza-haziaren eta legamiaren parabolak
31 Jesusek beste parabola hau kontatu zien: «Jainkoaren erregetza gizon batek soroan ereiten duen mostaza-haziaren antzekoa da. 32 Hazi guztietan txikiena da; baina, hazten denean, beste barazki guztiak baino handiago bihurtzen da eta zuhaitz egiten, txoriek etorri eta adarretan habiak egiteko moduko zuhaitza». 33 Beste parabola bat ere esan zien: «Jainkoaren erregetza legamiaren antzekoa da: emakume batek anega bat irinetan nahasten du, eta oraldi guztia harrotzen da».Parabola bidezko irakaspenaren zergatia
34 Irakaspen hauek guztiak parabola bidez eman zizkion Jesusek jendeari, eta ez zien ezer irakasten parabolaz izan ezik. 35 Honela bete zen Jainkoak profetaren bidez esana:Parabola bidez mintzatuko naiz,
munduaren hasieratik
gordea zegoena azalduko.