Kohelet 1
Siguiente →
Sarrera eta printzipio nagusia
1 Daviden seme eta Jerusalemgo errege Koheleten esanak.2 Huskeria hutsa* 1,2 Huskeria hutsa: Hebreerazko hitz hau era askotara itzul daiteke: zentzugabekeria, alferrikakoa; lurrin, haize ere esan nahi du.
–dio Koheletek–,
huskeria hutsa, dena huskeria da.
Deus ez berririk eguzkipean
3 Zertarako du gizakiaklur honetan* 1,3 lur honetan: H.h., eguzkipean.leher egitea?
4 Belaunaldiak joan,
belaunaldiak etorri,
munduak mundu dirau.
5 Sortzen da eguzkia eta sartzen,
eta bere tokira lehiatzen,
handik berriro sortzeko.
6 Jotzen du haizeak hegoalderantz,
jotzen iparralderantz,
batera jo, bestera jo,
eta jirabiraka hasten da berriro.
7 Ibaiak oro itsasora doaz
eta itsasoak ez du gainez egiten;
ibaiak, nora doazen, harantz dira
behin eta berriro joaten,
bide bera eginez.
8 Ezin inork aski esan
zein aspergarri den guztia.
Ez da begia ikustez nekatzen,
ez belarria entzutez asetzen.
9 Gertatu zena gertatuko da berriro,
lehen egina eginen da gero ere.
Deus ez berririk eguzkipean.
10 Zerbaitetaz hau esan baledi:
«Horra, hori bai berria!»,
horrelakoa ere gertatua da
aurreko mendeetan.
11 Ez gara oroitzen geure antzinakoez;
halaxe gure ondokoez ere,
ez dira oroituko
hurrengo izanen direnak.
Ulertzea gaitz
12 Ni, Kohelet,Israel herriaren errege izana naiz
Jerusalemen.
13 Buru-belarri ari izana naiz
mundu honetan gertatzen dena
jakinduriaz ikertzen eta aztertzen.
Lanbide txarra eman die Jainkoak
gizon-emakumeei,
horretan jardun dezaten.
14 Eguzkipean gertatzen denari
begira egon izan naiz,
eta horra, den-dena huskeria da,
haizea atzeman nahi izatea bezala;
15 ezin baita okertua zuzendu,
ezta zenbatu ere ez dagoena.
16 Neure buruari esan nion:
«Nire aurretik Jerusalemen
errege izan diren guztiek baino
jakinduria askoz handiagoa
neureganatu dut,
asko bainaiz ikusia eta ikasia».
17 Buru-belarri ari izana naiz
jakinduria eta ezaguera,
zorakeria eta ergelkeria
zertan bereizten diren aztertzen;
eta ohartu naiz, hori bera ere
haizea atzeman nahi izatea
bezala dela.
18 Izan ere,
zenbat eta jakinduria ugariago,
atsekabea handiago,
zenbat eta ezaguera sakonago,
nahigabea larriago.