Egin irrintzi nire mendi santuan!
Ikara bedi lurraldeko jende guztia,
bai baitator Jaunaren eguna,
gainean da.
2 Ilunpearen eta itzal beltzaren eguna,
hodeien eta laino beltzaren eguna.
Hor dator,
egunsentia mendi gainetara bezala,
gudaroste ugari eta indartsua.
Ez da egundaino
horrelakorik ikusi,
ezta ikusiko ere berriro
menderen mendetan.
Matxinsaltoen erasoa
3 Haien aurretik suak irentsi,haien atzetik garrak kiskali.
Lehen, lurra baratze eder;
gero, eremu gorri.
Ez die ezerk ihes egiten.
4 Zaldiak dirudite,
zaldunak bezala korrika.
5 Mendiz mendi saltoka doazen
zalgurdiena bezalako
burrunba dakarte,
lastoa erretzen duen suaren
txinparta-hotsa bezalakoa.
Gudaroste indartsua dirudite,
borrokarako gertu.
6 Haien aurrean ikara dira herriak,
zurbil jartzen aurpegi guztiak.
7 Gudariak bezala oldartzen dira,
gerlarien antzera igotzen
harresietan gora.
Bakoitza bere bidetik doa,
nor bere lerrotik okertu gabe.
8 Lagunari trabarik egin gabe,
bakoitza bere arrastoan doa.
Gezia gainera jausita ere,
ez dute atzera egiten.
9 Hiriari erasotzen diote,
harresiak hartzen;
etxe-hormetan gora igotzen dira,
leihoetatik sartzen lapurrak bezala.
10 Haien aurrean dar-dar dagi lurrak,
ikara da zerua;
eguzki-ilargiak ilundu egiten dira,
izarrek beren dirdira galtzen.
11 Eta Jaunak deiadar dagi
bere gudarostearen aurrean;
kontaezinak dira
haren gudari-sailak,
indartsuak
haren aginduak betetzeko.
Handia da eta guztiz ikaragarria
Jaunaren eguna:
nork eman aurpegi?
Konbertsiorako deia
12 «Baina garaiz zabiltzate oraindik–hala dio Jaunak–.
Itzul zaitezte niregana
bihotz-bihotzez,
barau, negar eta intzirika».
13 Ez urratu soinekoak* 2,13 urratu soinekoak: Nahigabea eta damua adierazteko zeinua.,
bihotzak baizik!
Itzul zaitezte Jaunarengana,
zeuen Jainkoarengana,
bihozbera eta errukiorra baita,
haserregaitza eta onginahiz betea,
bere mehatxuez damutzen dena.
14 Agian, atzera egin
eta damutuko da,
eta ondasunez bedeinkatuko
zaituzte ostera.
Orduan, labore-opariak
eta isur-opariak
egin ahal izango dizkiozue
Jaunari, zeuen Jainkoari.
15 Jo turuta Sionen,
antolatu baraualdia,
egin batzarrerako deia!
16 Bildu herria batzar santura;
bildu zaharrak,
ekarri haurrak,
baita bularrekoak ere.
Utz beza senar berriak ezkontza-gela
eta emazte berriak ezkontza-ohea.
17 Egin bezate negar
apaizek, Jaunaren zerbitzariek,
atari eta aldare artean* 2,17 atari eta aldare artean: Tenpluko barne-atariko aldarearen eta santutegiko sarrerako atariaren artean egin ohi zuten otoitz apaizek, santutegirantz begira (ik. Ez 40–43)..
Esan bezate:
«Erruki zakizkio, Jauna,
zeure herriari.
Ez utzi zeure ondarea lotsagarri,
ez bezate beste nazioek
menpean har.
Zergatik esan behar dute
atzerritarrek:
“Non dute, bada, beren Jainkoa?”»
Jaunak herriari erantzun
18 Bere lurrarekiko maitasun-espazbeterik dago Jauna
eta barkatu egiten dio bere herriari.
19 Eta honela erantzuten dio:
«Hara, laborea, ardoa eta olioa
bidaliko dizkizuet, aseko zaituztet.
Ez zaituztet aurrerantzean
beste nazioen artean
lotsagarri utziko.
20 Uxatuko dut zuengandik
iparraldeko etsaia* 2,20 iparraldetiko etsaia: H.h., iparraldekoa. Intsektu-sailaren irudi-bidez, iparraldetik datorren etsaia adierazten da, hots, asiriarrak eta babiloniarrak; Jainkoaren epaia betetzera datoz hauek (ik. Jr 1,14 oh.).,
eta lur idor eta gorrira jaurtiko:
aurreguardia ekialdeko itsasorantz,
atzeguardia
mendebaldeko itsasorantz.
Haren ustel-usaina zabalduko da,
kiratsak airea beteko du.
Gauza handiak egiten zituen
bere ustez!»
21 Ez izan beldur, lurra!
Poz zaitez eta alaitu!
Gauza handiak Jaunak baititu egin.
22 Ez izan beldur, landako abereok!
Badator landa zabalean larre berria,
badakarte zuhaitzek fruitua,
pikondoak eta mahastiak
aberastasuna.
23 Poz zaitezte, Siongo seme-alabok,
alaitu Jaunarekin,
zeuen Jainkoarekin!
Antzina bezala,
garaian garaiko euria
ematen baitizue,
udazkeneko zein udaberriko euria.
24 Larrainak alez beteko dira,
dolareek ardoz eta olioz
gainez egingo dute.
25 «Ordaina emango dizuet:
nik bidalitako
matxinsalto-gudaroste* 2,25 matxinsalto: Ik. 1,14 eta oh. Berriro lau intsektu-motak aipatzen dira.handiak
dena jan zizuen urteetako ordaina.
26 Ase arte jango duzue,
eta Jauna, zeuen Jainkoa,
goretsiko,
zuen alde harrigarriro
jokatuko baitu.
Nire herria ez da berriro
inoiz lotsatan geldituko.
27 Orduan ezagutuko duzue
ni zuen artean,
Israelen erdian, nagoela
eta ni, Jaun hau,
naizela zuen Jainkoa,
eta ez beste inor.
Nire herria ez da berriro inoiz
lotsatan geldituko.