← Anterior Ester Grekoa 9 Siguiente →
1 2 3 4 5 6 7 8 9 10

Juduek beren etsaiak suntsitu

1 Hamabigarren hilaren, hots, Adar hilaren, hamahirurako helduak ziren beren helbideetara erregearen gutunak. 2 Egun hartan bertan suntsitu zituzten juduek beren etsaiak. Inork ere ez zien aurre egin juduei, berauen beldur baitziren. 3 Gobernariek, printzeek eta erregearen ordezkariek babestu egin zituzten juduak, Mardokeoganako beldur-ikaraz. 4 Izan ere, erregearen aginduak zabalarazi egin zuen Mardokeoren izena erreinu osoan* 9,4 erregearen aginduak… izena: Honela ere itzul daiteke: erregeak Hamanen kontra emandako agindua zabalarazi zuen. // osoan: 9,5 tx.a ez da ageri EstGr-an.. 6 Susa hirian bostehun gizaseme hil zituzten juduek, 7 -10 haien artean Hamedataren seme Haman Bugaiosen, juduen etsai izanaren, semeak ere bai: Farsanestain, Delfon, Fasga, Fardata, Barea, Sarbakha, Marmasima, Arufeo, Arseo eta Zabutaita. Gero, haien ondasunez jabetu ziren juduak. 11 Egun berean jakinarazi zioten erregeari zenbat lagun hil zuten Susa hirian. 12 Erregea, orduan, honela mintzatu zitzaion Esterri: –Susa hirian juduek bostehun gizaseme hil dituzte. Zure ustez, zenbat hil ote dute haren inguruetan? Beste zer eskatu nahi duzu? Izango duzu. 13 Esterrek ihardetsi zion: –Utz diezaietela juduei bihar ere gauza bera egiten eta Hamanen hamar semeak urkabean zintzilikatzen. 14 Eta erregeak utzi egin zien horrela egiten, baita Susako juduei baimena eman ere Hamanen hamar semeen gorpuak zintzilika zitzaten. 15 Beraz, Susako juduek Adar hilaren hamalauan ere bildu eta hirurehun gizaseme hil zituzten; hala ere, ez zuten inoren ondasunik harrapatu. 16 Erreinuko beste juduak ere bildu ziren elkarri laguntzeko, eta libratu egin ziren beren etsaiengandik. Hamabost mila lagun hil zituzten Adar hilaren hamahiruan, baina ez zuten inoren ondasunik harrapatu. 17 Hilaren hamalauan atseden hartu eta bozkarioz eta alai igaro zuten eguna. 18 Susa hiriko juduak, aldiz, hilaren hamalauan ere bildu ziren, atsedenik hartu gabe, baina hamabosta bozkarioz eta alai igaro zuten. 19 Hona, bada, zergatik egiten duten jaiegun handi eta alai Adar hilaren hamalaua atzerriko eskualdeetan sakabanaturik bizi diren juduek, elkarri esku-erakutsiak bidaliz. Hirietako juduek, aldiz, hilaren hamabosta ere jaiegun handi eta alai egiten dute, elkarri esku-erakutsiak bidaliz.

BUKAERA (9,20–10,3l)

Purim Jaiaren sorrera

20 Mardokeok idatziz eman zituen liburu batean gauza hauek eta Artaxerxesen erreinuan bizi ziren judu guztiei igorri zien, nola hurbilekoei hala urrutikoei, 21 Adar hilaren hamalauan eta hamabostean jai handiak egiteko aginduz. 22 Izan ere, egun horietan iritsi zuten juduek bakea beren etsaien aurrean: Adar hil horretan aldatu zitzaien egoera eta beren aldeko egin, atsekabea atsegin eta oinazea jai handi bihurtuz. Hilabete osoa eztei-egun alaietan baileuden ospatu behar zuten, adiskideei eta behartsuei esku-erakutsiak bidaliz. 23 Juduek ontzat eman zuten Mardokeok idazki honen arabera agindua: 24 «Hamedataren seme Haman mazedoniarrak juduei kontra egin nahi izan zien; juduak galtzeko agindua eman eta zotz egin zuen, horretarako eguna erabakitzearren. 25 Erregeagana jo zuen, Mardokeo urkatzeko eskatuz. Baina Hamanek juduentzat asmatutako kalte guztiak berari etorri zitzaizkion, eta bera zintzilikatu zuten semeekin batera. 26 Horregatik deritze egun horiei “Purim”* 9,26 Testu grekoak Frurai dio., beraien mintzairan “pur” hitzak zotz egitea esan nahi baitu. Juduek sufritu zutena eta gertatu zitzaiena ikusirik antolatu zuten jai hura, gutun honetan esaten den bezala. 27 Juduek onartu zuten Mardokeoren agindua, nola berentzat hala beren ondorengoentzat, baita judu egingo zirenentzat ere. Ez dute ohitura hori inola ere aldatuko. Egun horiek belaunaldiz belaunaldi ospatuko diren oroitzapen-egun izango dira etxe, eskualde eta herri guztietan. 28 Purim-egunak beti ospatuko dira. Ez bedi horien oroitzapena inoiz ere gal!» 29 Ester erreginak, Aminadaben alabak, eta Mardokeo juduak idatziz eman zuten egindako guztia eta Purim Jaiei buruzko gutunekoa berretsi* 9,29 Segur aski 24-28 tx.etan aipatzen den gutunaz ari da. Grekozko testuan ez da ageri 30. tx.a.. 31 Mardokeok eta Ester erreginak berentzat ere hartu zuten ohitura hori, eta erabaki hura beren onerako* 9,31 Testu iluna. Honela ere itzul daiteke: beren osasunaren kalterako. Ester hebreerazkoak pasarte honetan baraua eta negar-kantuak aipatzen ditu.izan zuten. 32 Esterrek hitzez erabaki zuen jai hau betiko izatea, eta gero idatziz eman, gogoangarri izan zedin.