← Anterior Ester Grekoa 8 Siguiente →
1 2 3 4 5 6 7 8 9 10

JUDUEK BEREN ETSAIAK HIL (8,1–9,19)

Esterrek mendekatu nahi

1 Egun berean, Artaxerxes erregeak Esterri eman zizkion Haman salatzailearen ondasun guztiak. Bestalde, Mardokeo bere ahaide zuela agertu zion Esterrek erregeari. Orduan, Mardokeori dei egin eta 2 Hamani kendutako eraztuna eman zion. Esterrek, berriz, Hamanen ondasunen arduradun jarri zuen Mardokeo. 3 Berriro hitz egin zion Esterrek erregeari. Haren oinetara ahuspezturik, Hamanek juduei egin nahi izan zien kaltea aldentzeko eskatu zion. 4 Erregeak luzatu zuen Esterrengana urrezko errege-makila* 8,4 Ik. 4,11 eta D,12 oh.; orduan, Ester jaiki eta erregearen aurrean gelditu zen zutik. 5 Honela mintzatu zen Ester: –Ongi iruditzen bazaizu eta ni begiko baldin banauzu, agindu ezazu, zure erreinuko juduak hondatzearren, Hamanek bidali zituen gutunak deuseztatzeko. 6 Nola jasan dezaket nik neure herritarrak hondatuko dituen zorigaiztoa ikustea? Nola salba naiteke ni, nire herritarrak suntsitzean? 7 Erregeak erantzun zion: –Hara, zuri atsegin ematearren, Hamanen ondasun guztiak eman dizkizut, eta juduak hondatu nahi izan zituelako urkarazi egin dut. Beste zer nahi duzu? 8 Idatzi zeuek nire izenean juduen alde egokien deritzazuena eta zigilatu nire eraztunaz. Izan ere, ezin da eztabaidatu erregearen aginduz idatzia eta beraren eraztunez zigilatua. 9 Urte hartako lehen hilaren, Nisan hilaren, hogeita hiruan deitu zituzten idazkariak. Hauek, Indiatik Etiopiarainoko ehun eta hogeita zazpi eskualdeetako handiki eta gobernariei, nori bere hizkuntzan, bidalitako aginduak idatzi zizkieten juduei. 10 Mezu-eramaileen bidez bidali zizkieten gutunak, erregearen izenean idatziak eta beraren eraztunaz zigilatuak. 11 Hiri guztietan beren legeei eusteko agintzen zitzaien juduei, baita baimena ematen ere elkarri laguntzeko eta beren etsai eta kontrarioei nahi zutena egiteko;

Juduak leheneratzeko gutuna

12 x 24«Hiri nahiz eskualderen batek agindu hauek betetzen ez baditu, lantzaz eta suz erraustuko dute gupidarik gabe. Ezin izango da inor ere hiri horretan bizi, eta basabere nahiz hegaztientzat ere nazkagarri izango da betiko. 13 «Ezar ditzatela gutun honen kopiak erresuma osoan denen bistan, esaniko egunean judu guztiak prest egon daitezen beren etsaien kontra borrokatzeko». 14 Erregearen aginduak harturik, bizkor abiatu ziren zaldizkoak. Susa hirian ere hots egin zuten agindua. 15 Mardokeo, errege-jantzitan, urrezko koroa eta liho gorrizko diadema zeramatzala atera zen jauregitik. Ikusi zutenean, Susako bizilagunak poztu egin ziren. 16 Juduentzat dena distira eta bozkario zen. 17 Agindua hots egin eta ezarri zuten hiri eta eskualde guztietan juduak pozez gainezka zeuden, otorduak eta jaiak eginez. Beste nazioetako jende asko, erdainkuntza eginez, judu bihurtzen zen, juduen beldurrez.