← Previous Ben Sirak 49 Next →

Josias

1 Josiasen oroitzapena zoragarria da,
lurringaiak nahastuz lurringileak prestaturiko intsentsua bezalakoa,
eztia ahoan bezain gozo,
ardo ugariko oturuntzetan soinua bezain atsegin.
2 Herria Jainkoarengana itzularaztea lortu zuen
eta sasijainkoen kultu higuingarriak deuseztatzea.
3 Bere bihotza Jainkoarengana zuzendu zuen,
legegabeen egunetan zintzotasuna sendotu.

Judako azken erregeak. Jeremias

4 David, Ezekias eta Josiasek izan ezik,
hutsegite asko egin zuten beste erregeek,
Goi-goikoaren legea baztertuz.
Judako erregeak desagertu egin ziren,
5 beste batzuei eman baitzieten beren indarra* 49,5 beste batzuei eman baitzieten beren indarra: Hots, hitzarmenak egin zituzten atzerritarrekin, honela erakutsiz beren federik eza Jainkoarengan. Honela dio hebreerazkoak: beste batzuei eman zien Jainkoak haien indarra eta atzerriko nazio zoro bati haien ospea.
eta atzerriko nazio bati beren ospea.
6 Etsaiek su eman zioten santutegia zegoeneko hiri aukeratuari
eta kaleak huts-hutsik utzi, Jeremiasek iragarri bezala.
7 Tratu txarra eman zioten Jeremiasi;
Jaunak amaren sabelean profeta sagaratu zuen hau,
erauzi, suntsitu eta hondatzeko bai,
baina baita eraiki eta landatzeko ere* 49,7 erauzi… landatzeko ere: Grekozko antzinako itzulpenaren arabera eginiko Jr 1,10 tx.aren aipamen honek erakusten du itzulpen hori egina zela Ben Sirak liburua itzuli zen garairako..

Ezekiel

8 Ezekielek Jainkoaren aintzaren ikuskaria izan zuen,
kerubinen gurdi gainean azaldu zitzaiona;
9 etsaiez gogoratu zen ekaitza iragartzean* 49,9 etsaiez… iragartzean: Hebreerazkoak dio: Job ere gogoratu zuen, bide zuzenari eutsi ziona. Joben izena gaizki bokalizatu du itzultzaileak eta Job-en ordez etsai irakurri. Ekaitza aipatzean, beharbada, Ez 38,22 tx.eko harri, su eta sufrezko euria du gogoan, hauek baitira Gogen aurkako Jaunaren zigor-bideak.
eta on egin zien bide zuzenetik zebiltzanei.

Profeta txikiak

10 Hamabi profetei dagokienez,
biziberri daitezela haien hezurrak hilobian,
adore berria eman baitzioten* 49,10 Hamabi profetak: Autoreak erakusten du dagoeneko bere garaian bazela hebreerazko Bibliaren profeta-bilduma. // biziberri… hilobian: Ik. 46,12 oh. // adore berria eman baitzioten: Hebreerazkoak sendatu egin baitzuten dakar.Israel herriari
eta onik atera, leialtasuna eta itxaropena suspertuz.

Zorobabel eta Josue

11 Nola ez handietsi Zorobabel,
Jainkoaren eskuan zigilu-eraztun bezala izan zena!
12 Baita Josue ere, Jotzadaken semea:
beraien garaian eraiki zen tenplua
eta Jaunari sagaraturiko santutegia jaso,
betiko ospetsua izango dena.

Nehemias

13 Handia da Nehemiasen oroitzapena ere:
hark berreraiki zituen gure harresi hondatuak,
ateak eta morroiloak jarri
eta gure bizilekuak berregin.

Henok

14 Ez da munduan Henoken parekorik sortu,
lurretik eramana izan baitzen bera ere.

Jose

15 Ez da Jose bezalako gizasemerik ere izan,
bere anaien buru eta herriaren euskarri.
Begirunez erabili zituzten haren hezurrak.

Lehen arbasoak

16 Sem eta Set ospetsuak izan ziren gizakien artean;
baina kreazioko bizidun ororen gainetik Adam dago.