← Previous Ben Sirak 17 Next →
1 Jaunak lurretik sortu zuen gizakia
eta bertara itzularazi berriro.
2 Egun-kopuru eta denbora jakina ezarri zien
eta lurreko gauzen gain ahalmena eman.
3 Berea bezalako indarrez jantzi zituen
eta bere irudiko egin.
4 Gainerako bizidunek
haienganako beldurra izatea nahi izan zuen,
basapiztia eta hegaztien nagusi izan zitezen* 17,4 Eskuizkribu batzuek eransten dute: 5 Bost gaitasun hartu zituzten Jaunarengandik, seigarrena adimenean partaidetza, eta zazpigarrena gaitasunen esanahia azaltzen duen hitza..
6 Mihia, begiak eta belarriak eratu zizkien,
pentsatzeko eta aukeratzeko ahalmena eman.
7 Jakintzaz eta bereizmenez bete zituen,
eta ona zer den eta gaizkia zer den erakutsi.
8 Bereganako begirunea ere jarri zien bihotzean,
haren egintzen handitasuna atzeman zezaten* 17,8 Bereganako begirunea: Eskuizkribu gehienek Beraren begia (argia?) diote. // atzeman zezaten: Eskuizkribu batzuek eransten dute: 9 Berak egindako gauza miresgarriengatik beti harrotzeko aukera eman dio..
10 Honela, haren izate santua goretsiko dute,
egintzen handitasuna aldarrikatuko.

Ituna eta legea

11 Gainera, jakintza eman zien, baita bizia dakarren legea ere* 17,11 Eskuizkribu batzuek eransten dute: orain hilkorrak direla gogoan har dezaten..
12 Betiko ituna egin zuen haiekin, bere erabakiak jakinarazi.
13 Haren aintza handia ikusi zuten gizakiaren begiek,
haren ahots gorena entzun beronen belarriek.
14 Esan zien: «Aldendu bidegabekeriatik»;
bakoitzari aginduak eman zizkion lagun hurkoari buruz.

Ezerk ez Jaunari ihes egiten

15 Jaunak beti ditu aurrean gizakien jokabideak,
ez dira ezkutatzen haren begietatik* 17,15 Eskuizkribu batzuek eransten dute: 16 Haien jokabideek gaizkirantz egiten dute gaztarotik, eta ez dira beren harrizko bihotza haragizko bihurtzeko gai, zeren eta munduko herrien banaketan… .
17 Herri bakoitzari bere buruzagia izendatu dio,
baina Jaunari berari dagokion herri da Israel* 17,17 Eskuizkribu batzuek eransten dute: 18 lehen-seme duelarik, hezi eta bere maitasunaren argia ematen dio, bertan behera utzi gabe..
19 Giza egintza guztiak daude haren aurrean eguzkia bezala,
haren begiek etengabe behatzen gizakien jokabideak.
20 Hauen bidegabekeriak ez zaizkio ezkutuan geratzen,
bekatu guztiak daude Jaunaren aurrean* 17,20 Eskuizkribu batzuek eransten dute: 21 Baina ona da Jauna eta ezagutzen du berak egina, ez du bertan behera uzten, ez baztertzen, baizik eta barkatu egiten..
22 Gizakiaren erruki-egintzak
bere gauzarik baliotsuentzat hartzen ditu hark,
egintza onak begi-ninia bezala gordetzen* 17,22 Eskuizkribu batzuek eransten dute: bere seme-alabei damutzeko aukera emanez..
23 Azkenean, jaiki eta ordaina emango die,
nori bere merezia itzuliko.

Jaunarengana itzultzeko deia

24 Damu direnei bihozberritzeko aukera ematen die,
eta adorea galduta daudenak indarberritzen.
25 Itzuli, bada, Jaunarengana eta utzi bekatua,
erregutu haren aurrean eta kendu bekaturako bideak.
26 Etorri berriz Goi-goikoagana eta saihestu zuzengabekeriatik* 17,26 Eskuizkribu batzuek eransten dute: Jaunak berak aterako baitzaitu ilunpetatik osasun-argitara.,
gorrotatu bene-benetan Jaunari iraingarri zaiona.
27 Nork goretsiko du Goi-goikoa Hildakoen Egoitzan?
Bizi direnek bakarrik eman diezaiokete aintza.
28 Gizakia hil eta izateari uztean, kito gorespena!
Bizirik eta osasuntsu dagoenean gorets dezake Jauna.
29 Bai handiak direla Jaunaren errukia eta barkamena
harengana itzultzen direnentzat!
30 Ez dago dena gizakiaren esku,
gizasemea ez baita hilezkor.
31 Zer eguzkia baino argitsuagorik?
Halere desagertu egiten da* 17,31 desagertu egiten da: Eklipseei buruz esana..
Eta haragi huts den gizakia gaiztakeria asmatzen…
32 Zeruko astroak ikuskatzen ditu Jainkoak* 17,32 Jainkoak: Edo eguzkiak, grekoz subjektua ez baitago zehaztuta.;
gizakiak, ordea, hauts eta errauts besterik ez dira.