← Previous Salmoak 90 Next →

90. (89.) SALMOA

Bizitzaren iheskortasuna. Gogoeta eta otoitz itxaropentsua

1 Moises Jainkoaren gizonaren otoitza.
Jauna, zu izan zaitugu babesleku gizaldiz gizaldi.
2 Mendiak jaio baino lehen, lurra eta mundua sortu baino lehen,
Jainko zara zu betidanik eta betiko.
3 Gizakia hauts bihurtzen duzu,
esanez: «Itzul lehenera, gizakiok!»
4 Bai, mila urte zuretzat atzo igaro zen egunaren pareko,
gau-ordu baten pareko.
5 Hor daramatzazu gizakiak, goizaldean ametsak bezala* 90,5 Lehen lerroko testua zalantzazkoa da.;
belarra bezala ernetzen dira:
6 goizean erne eta loratzen;
arratsaldean, berriz, zimeldu eta ihartzen.
7 Zure haserreak akiturik gauzka, zure suminak ikara bizian.
8 Zeure aurrean ipini dituzu gure erruak,
zeure begi-argitan gure bekatu ezkutuak.
9 Zure suminez akitzen dira gure egun guztiak,
hasperen batean amaitzen gure urteak.
10 Gure bizitza hirurogeita hamar urte, onenean ere laurogei:
gure bizi-lehia neke eta atsekabe huts;
bizitza arin doa, hegan goaz!
11 Nork ezagutzen du zure haserrearen indarra?
Nork dio aski beldur zure suminari?* 90,11 Bigarren lerroa ez da argia jatorrizkoan: Zure beldurra bezalakoa zure samina.
12 Erakutsiguzu geure egunen kontua eramaten,
jakinduriaren erdi-muinaz jabe gaitezen.
13 Itzul zakizkigu, Jauna! Noiz arte haserre?
Erruki zeure zerbitzarioi!
14 Ase gaitzazu goizero zeure maitasunaz,
bizitza guztia poz-oihuz zorionean igaro dezagun.
15 Eman zoriona orain arteko egun estuen ordez,
ikusi ditugun urte gorrien ordez.
16 Zure zerbitzariok ikus dezagula zure ekintza,
eta gure seme-alabek zure nagusitza!
17 Guregana bedi Jaunaren, gure Jainkoaren, gozoa!
Burutu bitza ongi gure eginbeharrak,
burutu ongi gure eginbehar guztiak!