← Previous Salmoak 52 Next →

52. (51.) SALMOA

Gaiztakeria-zalearekin eztabaida

1 Koru-zuzendariarentzat. Daviden poema. 2 Doeg edomdarra Saulengana etorri eta David Ahimeleken etxera joana zela adierazi zionekoa.
3 Zergatik harrotzen zara gaiztakeriaz
eta jainkozalearen aurka oilartzen?* 52,3 Tx.a ez da argia jatorrizkoan eta itzulpen ezberdinak eman ohi dira.
4 Makurkeriak asmatzen diharduzu etengabe;
zure mihia labana zorrotza, maltzurkeria-zalea.
5 Maiteago duzu gaizkia ongia baino,
gezurra hizketa jatorra baino.
6 Hitz galgarri oro duzu maite, mihi-maltzur horrek!
7 Jainkoak berak suntsituko zaitu betiko,
zeure bizilekutik botako,
zure sustraiak bizidunen lurretik aterako.
8 Hori ikustean, harritu egingo dira zintzoak
eta barre egingo diote, esanez:
9 «Horra Jainkoa euskarritzat hartu ez zuena,
konfiantza bere aberastasunetan jarri
eta bere makurkerietan oinarritua!»
10 Nik, berriz, Jainkoaren etxean olibondo hezearen antzeko,
haren maitasunean dut konfiantza beti-betiko!
11 Beti goretsiko zaitut, ene Jainko, egin duzunarengatik;
beti ospatuko zaitut, zeure fededunentzat hain ona zarelako.