← Previous Salmoak 30 Next →

30. (29.) SALMOA

Heriotza-arriskutik sendatuaren esker oneko kanta

1 Tenpluaren sagarapenerako kanta* 30,1 Tenpluaren sagarapenerako kanta: Ez da ikusten zer erlazio izan dezakeen salmoak tenpluaren sagarapenarekin (ik. 1 M 4,36-59; Jn 10,22).. Daviden Salmoa.
2 Goratua zu, Jauna, onik atera bainauzu!
Nire etsaiei ez diezu nire lepotik pozten utzi.
3 Jauna, ene Jainkoa, oihuz laguntza eskatu dizut,
eta sendatu nauzu.
4 Jauna, Herio Leizetik atera nauzu;
hilobira jaistear nengoela, biziberritu.
5 Kanta Jaunari, haren fededunok,
goretsazue, santua dela gogoratuz.
6 Haren haserrea une baterako, haren onginahia bizi guztirako.
Arratsean negarrez bagaude ere, goizean berriro poz-oihuz.
7 Lasaialdian hau pentsatu nuen:
«Ez dut sekula koloka egingo».
8 Zeure onginahiaz, Jauna,
mendia bezain tinko ezarria ninduzun.
Baina aurpegia gorde zenidan, eta larritu egin nintzen.
9 Zuri dei egin nizun, Jauna, zuri erregu:
10 «Zer irabazten duzu ni hilda, ni hilobira sartuta?
Hautsak zu goretsiko ote? Zure leialtasuna iragarriko ote?
11 Entzun, Jauna! Erruki nitaz! Jauna, zatozkit lagun!»
12 Negarra dantza bihurtu didazu, dolu-jantzia festa-jantzi.
13 Nire barruak isildu gabe kantatuko dizu;
Jauna, ene Jainkoa, eskerrak emango dizkizut beti.