← Previous Salmoak 20 Next →

20. (19.) SALMOA

Erregearen garaipenerako eskaria

1 Koru-zuzendariarentzat. Daviden Salmoa.
2 Entzun zaitzala Jaunak arrisku-egunean,
jar zaitzala toki seguruan Jakoben Jainkoak!
3 Bidal diezazula laguntza bere santutegitik,
eutsi zuri Sion menditik!
4 Gogora bitza zure eskaintza guztiak
eta onar atseginez zure erre-oparia!
5 Eman diezazula nahi duzuna,
bete ditzala zure egitasmo guztiak!
6 Ospatu ahal dezagula poz-oihuz zure garaipena,
banderak zabalduz gure Jainkoaren izenean!
Bete ditzala Jaunak zure eskari guztiak!
7 Orain bai, badakit:
Jaunak garaipena ematen dio berak gantzuturiko erregeari;
bere zeru santutik erantzuten dio,
bere ahalmen handiaz garaipena ematen.
8 Batzuk bizkor guda-gurdiekin, beste batzuk zaldiekin;
gu, berriz, Jaunarekin, geure Jainkoarekin.
9 Haiek okertu, erori egiten dira;
guk, berriz, zutik eta sendo irauten.
10 Jauna, emaiozu erregeari garaipena!
Erantzun, dei egiten dizugunean!* 20,10 Grekozko itzulpenean arabera; hebreerazkoak hau dio: Jauna, emaguzu garaipena! Erantzungo digu erregeak, dei egingo diogunean.