← Previous Salmoak 11 Next →

11. (10.) SALMOA

Jainkoaren justizian uste ona

1 Koru-zuzendariarentzat. Davidena.
Jaunarengan babesten naiz. Nolatan esaten didazue:
«Alde mendira, hegaztiak bezala!
2 Gaiztoek uztaia tenkatu baitute
eta gezia uztai-harian jarri,
bihotz zuzenekoak ilunpean jotzeko.
3 Oinarriek huts egitean, zintzoak zer egin?»
4 Jauna bere tenplu santuan dago, zeruan du tronua:
begira-begira dago munduari, gizakiak ditu aztertzen.
5 Jaunak zintzoa du aztertzen,
gaiztoa eta gogorkeria-zalea bihotzez gorrotatzen.
6 Bidal dezala txingarra eta sufre-euria horien gainera!
Izan bedi haize kiskalgarria horien zoria!
7 Zintzoa da, izan ere, Jauna; zuzen jokatzea du maite:
zuzenek ikusiko dute haren aurpegia* 11,7 zuzenek… aurpegia: Honela ere itzul daiteke: haren aurpegiak zuzenei begiratzen die..