← Previous Salmoak 105 Next →

105. (104.) SALMOA

Jaunaren egintza bikainak Israelen historian

1 Goretsazue Jauna, dei egin berari,
jakinarazi herrien artean haren egintza bikainak!
2 Kanta iezaiozue, jo soinua berarentzat,
konta haren egintza miragarriak!
3 Harro zaitezte hartaz, Jainko santuaz,
poztu, Jaunaren bila zabiltzatenok!
4 Jo ezazue Jaunarengana, indartsuagana,
bila etengabe haren aurpegia.
5 Izan gogoan hark egindako mirariak,
haren egintza harrigarriak eta agindu zuzenak,
6 zuek, haren zerbitzari Abrahamen jatorrikook,
Jakoben ondorengook, haren aukeratuok!
7 Bera da Jauna, gure Jainkoa, lur osoaren gobernaria.
8 Gogoan du etengabe bere ituna, mila gizalditarako hitzemana:
9 Abrahamekin eginiko ituna, Isaaki emaniko zin-hitza,
10 Jakobi legetzat ziurtatua, Israeli betiko ituntzat emana,
11 hau esatean: «Zuei dizuet emango Kanaan lurraldea,
hauxe da zuen ondare-zatia».
12 Gutxi batzuk besterik ez ziren,
etorkin-taldetxo bat besterik ez;
13 nazio batetik bestera ibili ziren, erreinuz erreinu.
14 Baina Jainkoak ez zuen utzi inork zapal zitzan,
haiengatik erregeak mehatxatu zituen:
15 «Ez ukitu nire aukeratuak* 105,15 aukeratuak: Jatorrizkoak gantzutu/mesias hitza dakar. Badirudi patriarkei eta Israelgo gainerako gidariei buruz esana dagoela., ez egin kalterik nire profetei!»
16 Gosea erakarri zuen lurraldera, janari-hornidura oro kendu* 105,16 janari-hornidura oro kendu: Ik. Ez 4,16 oh..
17 Baina gizon bat bidalia zuen aurretik,
Jose, esklabotzat saldua.
18 Oinak katean lotu zizkioten, burdinazko lepokoa erantsi,
19 hark iragarria bete zen arte,
Jaunaren hitzak haren errugabetasuna frogatu zuelarik* 105,19 Jaunaren… zuelarik: Honela ere itzul daiteke: Jaunaren hitzak probatu egin zuen..
20 Orduan, erregeak askarazi egin zuen,
herrien nagusiak giltzapetik libre utzi.
21 Bere jauregiko buru egin zuen
eta bere ondasun guztien administratzaile.
22 Berak behar zituen handikiak eskolatu* 105,22 Berak… eskolatu: Antzinako itzulpenen arabera; hebreerazkoak Berari handikiak atxiki dio.
eta kontseilariei jakinduria irakatsi.
23 Orduan, Jakob Egiptora joan zen
eta Kamen lurraldean* 105,23 Kamen lurraldea: Egipto adierazteko beste modu bat, Kam, Noeren semea (Has 7,13), egiptoarren arbasotzat jotzen baitzen (ik. Has 10,6).atzerritar gisa bizi izan.
24 Jainkoak bere herria erruz ugaldu zuen
eta etsaiak baino indartsuago egin.
25 Egiptoarrei bihotza aldatu zien,
Jakoben herria gorrota zezaten
eta haren zerbitzariak maltzurki erabil.
26 Orduan, Moises bere zerbitzaria bidali zuen
eta Aaron bere aukeratua.
27 Iragarritako mirariak egin zituzten egiptoarren kontra* 105,27 Lehen lerro hau nahasia da jatorrizkoan.
egintza harrigarriak Kamen lurraldean.
28 Jaunak ilunpea bidali eta dena ilundu zen,
baina haiek ez zituzten haren egintzak ulertu* 105,28 baina… ulertu: Hebreerazkoak hau dio: baina ez zieten aurre egin haien hitzei; antzinako itzulpenek, berriz, aurre egin zieten diote..
29 Urak odol bihurtu zizkien
eta bertako arrainak hilarazi.
30 Lurraldean igelak agertu ziren borborka,
baita erregearen logelan ere.
31 Jainkoak agindu eta ezpateuli eta eltxoak
zabaldu ziren bazter guztietan.
32 Euriaren ordez, kazkabarra bidali zien
eta tximistak beren lurraldera.
33 Mahasti eta pikondoak hondatu zituen
eta zuhaitz guztiak puskatu.
34 Hark agindu eta larrapoteak etorri ziren,
matxinsaltoak ezin konta ahala;
35 lurraldeko landare guztiak garbitu zituzten,
lurreko fruituak oro.
36 Egiptoko lehen-seme guztiak jo zituen,
haien gizontasunaren lehen fruituak.
37 Zilar eta urrez beterik atera zituen israeldarrak,
ez zuen haien leinuetako inork lur jo.
38 Poztu egin zen Egipto haiek irteteaz,
haienganako beldur-ikarak hartuak baitzituen.
39 Lainoa zabaldu zuen haiek estaltzeko
eta sua gauez argi egiteko.
40 Haiek eskatu eta galeperrak bidali zizkien,
zeruko ogiz ase zituen.
41 Hark harkaitza zulatu eta ura atera zen,
eta ibaika joan basamortuan barrena.
42 Gogoan izan zuen bere agintzari sakratua,
Abraham bere zerbitzariari egina.
43 Beraz, bozkariotan atera zuen bere herria,
poz-oihuka bere aukeratuak.
44 Nazio arrotzen lurraldeak eman zizkien
eta herrien ondasunez jabetu ziren,
45 haren arauak bete eta legeak gorde zitzaten.
Aleluia! Gora Jauna!