← Previous Jeremias 15 Next →

Erabateko zigorra

1 Jaunak esan zidan: «Moises eta Samuel nire aurrera erregutzera etorriko balira ere, ez nuke izango herri honen errukirik. Kanpora! Doazela nire begi-bistatik! 2 Nora galdetzen badizute, esan hau nire partetik:
«Norberari dagokionera:
Heriotzarako dena, heriotzara!
Ezpatarako dena, ezpatara!
Goserako dena, gosera!
Erbesterako dena, erbestera!
3 «Nik, Jaunak, lau zigor-mota bidaliko dizkiet: gerra, hiltzeko; txakurrak, zati-zati egiteko; hegazti harrapariak eta basapiztiak, irentsi eta haiekikoa egiteko. 4 Halako zigorra emango diet, ezen ikaraturik geldituko baitira erresuma guztiak; eta hori, Ezekiasen seme Manasesek* 15,4 Manases: Errege hau (K.a. 687/642) herria idolatriara gehien bultzatu zutenetakoa izan zen (ik. 2 Erg 21,1-18; 2 Kro 33,1-20)., Judako erregeak, Jerusalemen egin zuen guztiagatik».
5 Jaunak dio:
«Nor izango da zutaz erruki,
Jerusalem?
Nor hurbilduko zaizu?
Nork izango
zure berri jakiteko ardura?
6 Zeuk utzi nauzu,
zeuk bizkarra eman.
Hala, zure aurka luzatu dut eskua,
zu suntsitzeko,
zutaz erruki izateaz aspertuta.
7 Lurraldeko hiri guztietan
sakabanatu ditut zure bizilagunak,
haizeak lastoa bezala;
suntsitu egin dut neure herria,
seme-alabarik gabe utziz,
jokabidez aldatu ez delako.
8 Itsasoko harea baino ugariago
horien artean utzi ditudan alargunak.
Eguerdi-eguerdian
ekarri dut hondatzailea
gudari gazteen amaren gainera;
larria eta ikara gorria
bidali diot bat-batean.
9 Zazpi seme-alaben ama bera ere
akitua dago, arnasa ezin harturik,
lotsaz eta desohorez betea;
egun-argia ilunpe bihurtu zaio.
Eta gelditzen zaizkion semeak
etsaien ezpataz hilko dira.
Nik, Jaunak, esana».

Jeremias Jaunaren aurrean kexu

10 Ai ene, ai ene!
Ama,
zergatik ekarri ninduzun mundura?
Denekin eztabaidan
eta auzitan aritzeko?
Ez diot inori zor,
ez dit inork ere zor;
hala ere, denek madarikatzen naute.
11 Jauna, egiaz zerbitzari leiala nauzu,
neure etsaien alde erregutu dizut
arrisku eta larrialdian* 15,11 Tx.eko testua iluna eta itzulpena zalantzazkoa..
12 (Nola egin aurre iparraldeko etsaiari,
burdina eta brontzea bezain
gogor denari?* 15,12 Tx.eko testua iluna da. 12-14 zatia parentesi artean ematen dugu, ez baitator bat testuinguruarekin. Neurri handian, 17,3-4 zatiaren errepikapena da.
13 Zeure bekatuengatik, Israel,
herrialde osoan egin dituzun
bekatuengatik,
etsaien harrapakin bihurtzen ditut
zure aberastasun eta ondasunak.
14 Zeure etsaien esklabo egingo zaitut,
ezagutzen ez duzun lurraldean;
piztu baita nire haserrea,
sutan dago zure aurka).
15 Jauna, zuk dena dakizu;
gogora nazazu, ardura zaitez nitaz,
mendeka nazazu etsaien lepotik.
Luzatzen baduzu, nireak egin du.
Kontu egin
zuregatik iraintzen nautela.
16 Zure hitzak niregana iristean,
irentsi egiten nituen;
horiek nituen neure poz,
barru-barruko gozamen;
zeuretzat sagaratua bainauzu,
ene Jauna, Jainko ahalguztiduna.
17 Ez naiz atsegin bila ari izan
festa- eta algarazaleekin batera;
bakarrik ibiltzera behartu nauzu,
zeure suminaz betea nauzu eta.
18 Zergatik amairik gabeko oinaze hau?
Sendaezina da nire gaitza,
erremediorik gabea.
Nola bihurtu zara niretzat
itxura huts den ur engainagarri?
19 Orduan, Jaunak erantzun zidan:
«Niregana itzultzen bazara,
hartuko zaitut berriro
neure zerbitzura.
Baliotsu dena baliogabe denetik
bereizten baduzu,
hitz egingo dut zure bitartez
aurrerantzean ere.
Herriak itzuli behar du zuregana,
ez zuk harengana.
20 Herri honen aurrean
brontzezko hesi txit sendo
egingo zaitut;
borroka egingo dizute,
baina menderatu ez,
zeurekin bainauzu ni,
libratzeko eta garaipena emateko.
Hala diot nik, Jaunak.
21 Libratuko zaitut
gaizkileen eskuetatik,
askatuko erasotzaileen menpetik».