1 Zoritxarrekoak
zuzengabeko legeak ematen
eta jasanezineko dekretuak
idazten dituztenak!
2 Jende xeheari
zuzenbidea ukatzen diote
eta dohakabeei eskubideak kentzen;
alargunak larrutzen dituzte
eta umezurtzak zurrupatzen.
3 Zer egingo ote duzue
kontuak hartzeko egunean?
Zer, hondamena urrutitik
etortzen ikustean?
Norengana jo laguntza eske?
Non gorde ondasunak?
4 Preso joan beharko duzue,
makurturik,
edota gerran erori hilda.
Hala ere,
Jaunaren haserrea ez da baretu,
luzatua du oraindik eskua
zigortzeko.

Jaunak Asiriaren bidez zigortu

5 Honela dio Jaunak:
«Zoritxarrekoa Asiria,
eskuan dudan sumin-zigor hori!
6 Herri sinesgabearen aurka
bidaltzen dut,
haserretu ninduen herriaren aurka,
lapurretara eta harrapaketara,
hura kaleetako lokatza bezala
zapaltzera.
7 Baina oso bestelako asmoak
ditu Asiriak buruan:
suntsitzea du asmo,
herri asko birrintzea.
8 Hona zer dioen:
“Nire gudalburuak ez al dira
erregeen pareko?
9 Ez ote ditut konkistatu
Kalno eta Karkemix,
Hamat eta Arpad,
Samaria eta Damasko* 10,9 Kalno eta Karkemix, Hamat eta Arpad: Siria iparraldeko hiriak, 738tik 717ra Asiriak eskuratuak; Damasko, Siriako hiriburua, 732an erori zen Asiriaren menpe, eta Samaria 721ean. Izenak iparraldetik hegoalderako ordenan emanak daude, asiriar gudarostearen Jerusalemerako martxa iradokiz.?
10 Neure esku hartu ditut
sasijainkoak gurtzen
dituzten herriak* 10,10 sasijainkoak gurtzen dituzten herriak: H.h., ezerezen (hau da, sasijainkoen) erresumak. Isaiasek israeldar ikuspuntutik hitz eragiten dio asiriarrari.,
nahiz eta beraien idoloak
Jerusalem eta Samariakoak
baino ugariago izan;
11 Samariari
eta haren sasijainkoei egina,
nola ez diet egingo, bada,
Jerusalemi eta beronen idoloei?” »
12 Jaunak, Sion mendian eta Jerusalemen egitekoa burutuko duenean, Asiriako erregearen harrokeriak eta handikeriak zigortuko ditu.
13 Izan ere,
honela dio Asiriako erregeak:
«Neure indarrez egin dut
hori guztia,
neure trebeziaz, argia bainaiz.
Herrien arteko mugak
ezabatu ditut,
haien ondasunak harrapatu
eta, gudari ausartaren gisa,
erregeak eraitsi.
14 Habia bati bezala erantsi diet eskua
herrien aberastasunei.
Habian utzitako arrautzak
hartzen diren bezalaxe
hartu dut neuretzat lur guztia,
eta ez zuen inork hegalik mugitu,
ez txio egiteko mokorik zabaldu».
15 Baina aizkorak uste ote du
aizkolaria baino handiago denik?
Trontzeak uste ote du
trontzalaria baino gehiago denik?
Ez du zigorrak erabiltzen
zigorduna!
Ez du zurezko makilak hartzen
zurezko ez den makiladuna!
16 Horregatik, Jaun ahalguztidunak
ahulezia bihurtuko du
asiriarren sendotasuna,
eta haien gorputz ederrak
sukarrez joko ditu,
suak hartuta bezala jarriko.
17 Israelen argi den Jainkoa
su bihurtuko da,
Israelen Santua sugar,
eta bat-batean erreko ditu,
sasia eta laharra bailiran.
18 Basoa eta baratzea bezain jori zena,
goitik behera* 10,18 goitik behera: H.h., arima eta haragi.desegingo du,
gaixotasun larriak gizakia
desegiten duen bezala.
19 Eta basoan geldituko diren
zuhaitzak
hain gutxi izango dira,
ezen ume batek ere
kontatu ahal izango baititu.

Bakar batzuk itzuliko

20 Egun hartan,
Israelen bizirik geldituek,
Jakoben ondorengoetan
onik aterako direnek
ez dute gehiago beren zigortzailea* 10,20 bizirik geldituek: Ik. 4,3 oh. // zigortzailea: Hau da, Asiria.
hartuko euskarritzat,
baizik eta Jauna, Israelen Santua,
hartuko dute benetako euskarritzat.
21 Jakoben ondorengoen artean,
bakar batzuk besterik
ez dira itzuliko
Jaun indartsuagana.
22 Zure herria itsasoko hondarra
bezain ugaria izango bada ere,
oi Israel,
bakar batzuk besterik
ez dira itzuliko:
erabakia dago hondamendia,
herriak ondo merezia.
23 Erabakia beteko du
Jaun ahalguztidunak,
lurralde osoan beteko ere.

Asiriarrak zigortuko

24 Honela dio Jaun ahalguztidunak:
«Oi zu,
Sionen bizi zaren nire herria!
Ez izan Asiriaren beldurrik,
zigorrez jotzen bazaitu ere
eta zure aurka
makila jasotzen badu ere,
behinola egiptoarrek bezala.
25 Izan ere, oso denbora gutxi barru
amaituko da
zure kontra dudan haserrea,
eta nire suminak
haiek ditu hondatuko.
26 Jaun ahalguztidunak haien aurka
astinduko du zartailua,
Horebeko harkaitzean
madiandarrak jo zituenean bezala;
eta Asiriaren kontra
jasoko du makila,
behinola Egipton
itsasoaren kontra bezala.
27 Egun hartan, erori egingo zaizu
Asiriaren zama bizkarretik
eta haren uztarria lepotik;
oparoaldia izango duzu ondoren».

Bat-bateko inbasioa

28 Aiatera* 10,28 Aiat: Jerusalemdik iparraldera, 15en bat km-ra, zegoen herrixka. 10,28-33 tx.ek markatzen duten ibilbidea paraje oso malkartsuan zehar Jerusalemera hurbilduz doa. Azkenik aipaturiko tokia, Nod (32 tx.), Skopus mendian, Oliamendi iparraldeko gailurrean, dago; bertatik Jerusalem ikus daiteke.iritsi da erasotzailea,
Migronen barrena dator,
Mikmasen egin du
armen ikuskapena,
29 igaro du haitzarteko ataka,
Geban eman du gaua;
ikara dira Ramakoak,
ihesi doa Saulen Gibea hiria.
30 Egin garrasi, Bat-Galim hiria!
Entzun, Laixako jendea!
Erantzun, Anatot hiria!
31 Madmenakoek ihesari eman diote,
Gebimgo bizilagunak
babes bila dabiltza.
32 Nob-en da dagoeneko erasotzailea
eta eskua altxatzen du mehatxuka
Sion mendiaren aurka,
Jerusalemgo muinoaren aurka.
33 Hara, Jainko Jaun ahalguztidunak
indarrez lurrera botako ditu
erasotzaileak,
zuhaitzari adarrak
mozten zaizkion bezala,
nahiz eta garaiak eta sendoak izan.
34 Aizkoraz jotzen du baso trinkoa,
eta Libanokoak* 10,34 Libano: Palestina iparraldeko mendi-katea, zedro-basoengatik ospetsua.bezain
zuhaitz mardulak ere lurrera datoz.