← Previous Hasiera 25 Next →

Abrahamen beste ondorengo batzuk

(1 Kro 1,32-33)

1 Abraham berriro ezkondu zen Ketura izeneko emakume batekin. 2 Honek seme hauek eman zizkion: Zimran, Jokxan, Medan, Madian* 25,2 Madian: Tx. hauetan aipaturiko izenetatik Madian ez beste denak ezezagunak ditugu (ik. Ir 2,15)., Ixbak eta Xuah. 3 Jokxanek, bere aldetik, Xeba eta Dedan sortu zituen. Dedanen ondorengoak hauek izan ziren: axurtarrak, letuxtarrak eta leumdarrak. 4 Eta Madianen semeak Efa, Efer, Henok, Abida eta Eldaa. Hauek guztiak Keturaren ondorengoak dira. 5 Zeukan guztia Isaaki utzi zion Abrahamek. 6 Beste ohaideen semeei opariak eman zizkien, eta Isaakengandik urruti bidali zituen ekialderantz, bera oraindik bizi zela.

Abrahamen heriotza

7 Ehun eta hirurogeita hamabost urtez bizi izan zen Abraham. 8 Zahartzaro luze eta betearen ondoren hil zen eta bere arbasoekin elkartu. 9 Bere seme Isaak eta Ismaelek ehortzi zuten Makpelako harpean, Tzohar hititaren seme Efronen soroan, Mambreren aurrez aurre. 10 Abrahamek hititei erositako soroan* 25,10 erositako soroa: Soroaren eta Makpelako harpearen erosketa Has 23 kap.an dator.ehortzi zituzten Abraham eta honen emazte Sara. 11 Abraham hil ondoren, Jainkoak bedeinkatu egin zuen haren seme Isaak; hau Lahai-Roiko* 25,11 Lahai-Roi: Ik. 16,14 oh.ur-putzuaren ondoan bizi zen.

Ismaelen ondorengoak

(1 Kro 1,28-31)

12 Hona hemen Abrahamen seme Ismaelen ondorengoak –Ismael Sararen mirabe egiptoarrak sortu zion* 25,12 Agarrek sortua: Ismaelen jaiotza 16,1-6 atalean kontatzen da.Abrahami–. 13 Hauek dira Ismaelen semeen izenak: Nebaiot lehen-semea; ondoren, Kedar, Adbeel, Mibsam, 14 Mixma, Duma, Masa, 15 Hadad, Tema, Jetur, Nafix eta Kedma. 16 Horiek dira Ismaelen semeen izenak; hamabi buruzagi beste hainbeste leinurentzat; izen horiek eman zitzaizkien haien bizileku eta kanpalekuei ere. 17 Ehun eta hogeita hamazazpi urtez bizi izan zen Ismael. Gero, azken arnasa emanez, hil egin zen eta bere arbasoekin elkartu. 18 Haren ondorengoak Habila eta Xur-en* 25,18 Habila eta Xur: Ik. 2,11 eta 16,7 oh.ak.artean dagoen eskualdean, Egiptoren mugan, Axur bidean, jarri ziren bizitzen, beren anaien aurrez aurre.

Jakob (25,19–36,43)

Esau eta Jakob

19 Hona hemen Abrahamen seme Isaaken historia. Abrahamek Isaak sortu zuen. 20 Isaakek berrogei urte zituen, Betuelen alaba eta Labanen arreba zen Rebekarekin ezkondu zenean. Betuel eta Laban Mesopotamiako* 25,20 Mesopotamia: Ik. 24,10 oh. Hala ere, beste hitz bat erabiltzen da hemen Mesopotamia adierazteko: Paddan-Aram. Batzuek Aramgo lautada itzultzen dute; dena den, Tigris eta Eufrates ibaien arteko lurraldea da, aramearren sorterria.aramearrak ziren. 21 Rebeka emaztea agorra zela eta, haren alde erregutu zion Isaakek Jainkoari. Jaunak erregua aditu eta haurdun gelditu zen Rebeka. 22 Bi ume ari zitzaizkion sabelean elkarren lehian. Rebekak zioen berekiko: «Zergatik gertatu zait gero niri horrelakorik?» Jaunarengana jo zuen argitasun eske, 23 eta Jaunak erantzun:
«Bi nazio dituzu sabelean,
bi herri aterako zaizkizu erraietatik:
bata besteari nagusituko zaio,
zaharrena gazteenaren morroi
izango da».
24 Erditzerakoan bikiak izan zituen. 25 Lehenengo atera zena ilegorria zen, abere-larrua bezain iletsua: Esau* 25,25 Esau: Esau izenak iletsu itzuli dugun hitzaren antzeko doinua du. Esau Edom ere deituko da (ik. 25,30), edomdarren arbasotzat jotzen delako.eman zioten izena. 26 Berehala anaia irten zen, bere eskuaz anaiaren orpoari helduta. Honengatik, Jakob* 25,26 Jakob: Izenak orpo (akeb) hitzarekin doinu-kidetasuna du. Hala ere, 27,36 tx.ean txanda kendu (akab) aditzarekin – beste zenbait kasutan iruzur egin itzulia – erlazionatuko da. Egiaz, Jakob-ek (Jainkoak) babes dezala esan nahi du.eman zioten izena. Hirurogei urte zituen Isaakek Rebekak bikiak izan zituenean. 27 Haurrak handi egin ziren. Esau ehiztari trebe bihurtu zen eta oihan-gizon. Jakob, ostera, gizon patxadatsua zen eta etxekoia. 28 Isaakek maiteago zuen Esau, gogoko baitzuen ehiza-jana; Rebekak, aldiz, Jakob zuen maiteago.

Esauk bere lehen-semetzaren eskubidea saldu

29 Behin batean, Jakob lapikokoa egosten ari zela, iritsi zen Esau oihanetik, oso nekatua, 30 eta esan zion anaiari: –Emadak lapikoko gorri horretatik, leher egina nator eta. (Honegatik, Edom –hau da, «Gorri»– izena ezarri zitzaion). 31 Jakobek esan zion: –Heure lehen-semetzaren eskubidearen* 25,31 lehen-semetzaren eskubidea: Lehen-semeari zegozkion herentziaren zatirik handiena (ik. Dt 21,17) eta aitaren bedeinkazio berezia (ik. Has 27 kap.).truke emango diat. 32 Esauk erantzun: –Goseak hiltzear egonik, zertarako diat lehen-semetzaren eskubidea? 33 Eta Jakobek: –Zin egidak. Zin egin zion Esauk, lehen-semetzaren eskubidea salduz. 34 Orduan, eman zizkion Jakobek anaiari ogia eta platerkada dilista. Hark jan, edan, mahaitik altxa eta alde egin zuen. Honela gutxietsi zuen Esauk bere lehen-semetzaren eskubidea.