Tobiten kantika
1 Tobitek esan zuen:2 «Goretsia
betikotasunean bizi den Jainkoa!
Goretsia beraren erregetza!
Berak du zigortzen
eta bera da errukitzen;
berak jaitsarazten du
Hildakoen Egoitzara,
lurpeko sakonetara,
eta berak ateratzen
hondamendi handitik.
Ezerk ez du
haren eskutik ihes egiten.
3 Ospa ezazue Jauna, israeldarrok,
atzerritarren aurrean,
berak sakabanatu zaituzten
horien artean,
4 han ikusarazi baitizue
bere handitasuna.
Goraipa ezazue
izaki guztien aurrean,
bera baitugu Jauna, geure Jainkoa,
geure Aita.
Bera da Jainko
menderen mendetan.
5 Zigortu egiten zaituzte
zeuen gaiztakeriengatik,
baina errukiz hartuko
zaituzte denok eta bilduko
sakabanatu zaituzten
herrialde guztietatik.
6 Itzul zaitezte berarengana
bihotz-bihotzez eta gogo osoz,
berarekin leial jokatzeko.
Orduan, bera ere itzuliko zaizue
eta ez dizue aurpegia
berriro ezkutatuko.
7 Begira zuen alde zer egin duen
eta ospa ezazue aho betean.
Goretsazue Jaun zuzena,
goraipatu mendeetako Erregea.
8 Nik ere ospatzen dut bera,
erbesteraturik naukaten herrian.
Haren indarra eta edertasuna
erakusten dizkiot herri bekatariari* 13,8 Nik ere: Hemendik 11. tx.aren erdirainokoa falta da testu luzean; laburrekoarekin osotu dugu. // herri bekatariari: Israel herria dateke edota, beharbada, Niniveko jendea..
Itzul zaitezte, bekatariok,
egin beraren aurrean zuzen dena.
Nork daki zuen alde jarri
eta errukituko ez den.
9 Goratzen dut neure Jainkoa,
goratzen zeruko Erregea,
beraren handitasunean pozten naiz.
10 Dei egin biezaiote denek,
ospa bezate Jerusalemen.
Oi Jerusalem, hiri santua,
zigortu egiten zaitu Jainkoak
zeure seme-alaben eginengatik;
baina errukiz hartuko ditu berriro
zure seme-alaba zintzoak.
11 Ospa ezazu Jauna bihotzez,
goretsi mendeetako Erregea,
tenplua berriro
zuregan eraiki dezaten bozkarioz.
12 Zuregan alai bitza
erbestera eramanak,
zuregan maita bitza dohakabeak
hurrengo gizaldi guztietan.
13 Argi biziak argi egingo du
lurraren azken mugaraino.
Urrutiko arrotz-herri asko
eta lur-muga guztietako bizilagunak
etorriko zaizkizu Jauna gurtzera,
zeruko Erregearentzat
esku bete emari dakartela.
Gizaldi eta gizaldiek
alaituko zaituzte.
“Hautatua” izango duzu izena
menderen mendetan.
14 Madarikatuak
irainduko zaituztenak!
Madarikatuak
hondatuko zaituztenak,
zure harresiak eraitsi,
zure dorreak bota
eta zure etxeak erreko dituztenak!
Baina bedeinkatuak betiko
zuri begirune dizutenak!
15 Ea, poz zaitez
zeure seme-alaba zintzoengatik,
bilduko baitzaizkizu
berriro guztiak
eta betiereko Jauna goretsiko dute.
Dohatsuak maite zaituztenak!
Dohatsuak
zure bakeaz pozten direnak!
16 Dohatsuak zutaz,
zuk jasandako zigorrengatik,
nahigabetzen direnak,
poztuko baitira zuregan
eta ikusiko betikotasunean
zure alaitasuna.
Bai, gorets dezadan Jauna,
Errege handia,
17 Jerusalem berreraikiko baitu
eta bertan izango baita
Jaunaren etxea
menderen mendetan.
Bai dohatsu ni,
Jerusalemen aintza ikusteko
eta zeruko Erregea ospatzeko
nire jatorriko norbait
gelditzen bada!
Jerusalem, zafiroz eta esmeraldaz
berriztatuko dituzte zure ateak,
zure harresi guztiak zafiroz,
zure dorreak urrez
eta zure aurrebabesak urre finez.
Zure kaleak, Jerusalem,
errubiz eta Ofirko harriz
egingo dituzte.
18 Jerusalemgo ateek
bozkariozko gorazarreak
kantatuko dituzte
eta etxe guztiek abestuko dute:
“Aleluia!
Goretsia Israelen Jainkoa!”
Eta aukeratuek
Jainkoaren izen santua
goretsiko dute beti».