← Previous Ben Sirak 38 Next →

Medikua eta gaixotasuna

1 Ohoratu medikua bere zerbitzuengatik,
bera ere Jainkoak sortu baitzuen.
2 Goi-goikoagandik hartzen du medikuak sendatzeko gaitasuna,
eta erregeagandik opariak.
3 Bere jakintzak nolabaiteko duintasuna ematen dio medikuari,
eta handikiek ere miretsi egiten dute.
4 Jaunak sorrarazten ditu sendagaiak naturan,
zuhur denak ez ditu mespretxatzen.
5 Ez al zuen zuhaixka batek ura gezatu basamortuan
sendatzeko bere indarra erakutsiz?
6 Jainkoak eman die gizakiei jakintza,
beraren gauza harrigarriengatik gorets dezaten:
7 belarren bidez mina kendu eta sendatzen du
8 botikariaren eskuz nahaskiak prestatu ondoren.
Horrela, Jainkoaren egintzak ez dira inoiz amaitzen
eta harengandik etortzen da osasuna mundura.
9 Seme, gaixo zaudenean, ez izan axolagabe;
erregutu Jaunari eta sendatuko zaitu.
10 Baztertu zeure hutsegiteak, jokatu zuzen,
garbitu bihotza bekatu guztietatik.
11 Eskaini lurrin gozoa eta irin garbia oroigarritzat,
egin opari joriak zeure baliabideen arabera.
12 Gero, dei egin medikuari,
bera ere Jainkoak sortu baitzuen;
ez bedi zure ondotik aldendu,
haren beharrean baitzaude.
13 Zenbait kasutan, haien esku dago zure suspertzea,
14 beraiek ere eskatuko baitiote Jaunari
gaixotasuna arintzeko gai izatea
eta bizia salbatzeko sendabidea aurkitzea.
15 Bere Egilearen aurka bekatu egiten duena,
gerta dadila medikuaren beharrean!

Dolumina

16 Seme, isuri malkoak norbait hildakoan,
jo hileta zeure atsekabea adierazteko.
Eman hildakoari dagokion hobiratzea,
eta ez izan axolagabe haren hilobiaz.
17 Egin negar garratz, jo bularra gogor;
egiozu hildakoari dagokion dolua egun bat edo bitan,
esamesak baztertzeko;
gero, arindu zeure nahigabea eta kontsolatu.
18 Izan ere, atsekabeak heriotza ekar dezake
eta bihotzeko nahigabeak indarrak jaten ditu.
19 Ezbeharrak ere etengabe sortzen du nahigabea,
miserian bizitzeak bihotzari kalte egiten.
20 Ez utzi zeure bihotza nahigabearen menpe,
urrun ezazu zeuregandik, bizitzaren azkena gogoratuz.
21 Ez ahaztu ez dagoela heriotzatik itzultzerik,
hildakoari ez diozu mesederik egingo
eta bai zeure buruari kalte.
22 Gogoratu, haren zoria zurea ere izango da:
«Gaur niri, bihar zuri».
23 Hildakoa atsedenean dagoenez,
utzi harengan pentsatzeari;
azken arnasa eman duenez,
ez nahigabetu gehiago harengatik.

Eskulanak eta burulana

24 Letra-gizonak astiuneak behar ditu jakinduria lortzeko;
bestelako zeregin gutxi duena bihurtuko da jakintsu.
25 Nola bilakatuko da jakintsu goldan dabilena,
beraren harrotasun bakarra akuilua erabiltzea bada,
idiak eraman, bizitza osoa lanean eman
eta zekorrez bakarrik hitz egiten badu?
26 Ildoak egiteaz arduratzen da buru-belarri,
eta gauean oraindik ganadua gobernatu behar.
27 Berdin arotz eta etxegileak,
gau eta egun lanean dihardutelarik;
edo zigiluetako irudiak grabatzen dituztenak,
berorien diseinuak etengabe aldatuz:
eredua berregiten saiatzen dira gogotik,
gauak ere lana burutzen emanez.
28 Berdin ingude ondoan eserita dagoen errementaria,
bere arreta burdingintzan jarria duelarik;
suaren beroak haragiak urtzen dizkio
labearen aurrean ahalegintzen den bitartean;
mailuaren zarata-hotsak etengabe zulatzen dizkio belarriak,
begiak josita dituela tresnaren ereduan;
gogotik saiatzen da lanak burutzen,
guztiz bikaindu nahian ematen gauak.
29 Berdin, eserita, bere lanean ari den eltzegilea,
oinekin gurpilari eraginez;
bere lanaz etengabe kezkaturik,
bere jardueran zenbat pieza egingo kontatzen;
30 besoaz moldeatzen du buztina
eta oinekin biguntzen gogorra dagoenean;
buru-belarri dihardu berniza ematen,
eta gauean oraindik labea garbitu behar.
31 Hauek guztiek beren eskulanean dute konfiantza,
trebea da bakoitza bere lanbidean.
32 Hauek gabe ez litzateke hiririk eraikiko,
ezin izango litzateke berauetan bizi edo ibili;
baina herri-kontseiluan ez zaie iritzirik eskatzen
33 eta batzarrean ez dute erantzukizunik izaten.
Ez dira epaimahaian esertzen,
ez baitituzte ulertzen legearen xedapenak.
Ez dute eskolarik, ez lege-jakintzarik agertzen,
ez dituzte jakinduriazko esaerak asmatzen.
34 Halere, hasieratik sortutakoari jarraipena ematen diote,
beren lanbidea dute otoizbide* 38,34 beren lanbidea dute otoizbide: Honela ere itzul daiteke: beren otoitza beren lanari buruzkoa da..
Ez da berdin gertatzen
Goi-goikoaren legea hausnartzera emandakoarekin,