← Previous Salmoak 92 Next →

92. (91.) SALMOA

Zintzoa Jaunaren ondoan beti mardul. Jaunarekin zoriontsu denaren gorazarrea

1 Salmoa. Larunbaterako kanta.
2 Bai eder, Jauna, zu gorestea
eta Goi-goiko hori kantuz ospatzea,
3 goizean zure maitasuna iragartzea,
gau osoan zure leialtasuna,
4 hamar hariko harpaz, zitara-soinuz!
5 Pozarren nauka, Jauna, zure ekintzak,
poz-oihuka zuk egindakoak.
6 Bai handiak, Jauna, zuk eginak!
Zein sakonak zure egitasmoak!
7 Ergela ez da jabetzen, zentzugabeak ez du ulertzen.
8 Erne daitezela belarra bezain ugari gaiztoak,
garatu gaizkile guztiak:
betiko hondatuak izango dira!
9 Zu, Jauna, diren guztien gainetik betikotasunean!
10 Zure etsaiak, ordea, Jauna,
bai, zure etsaiak galdu egingo dira,
gaizkile guztiak sakabanatuko.
11 Bufalo baten indarrak eman dizkidazu,
usain gozoko olio berriz gantzutu* 92,11 olio berriz gantzutu: Abegi on eta bizigarriaren (ik. 23,5) eta festaren irudia (ik. 133,2)..
12 Gaizkileak nire kontra altxatzen direnean,
etsaiak ikusi eta zera entzuten dut* 92,12 Tx.eko testua ez da erabat argia, ezta itzulpena ere segurua.:
13 «Zintzoa palmondoa bezala garatuko da,
Libanoko zedroa bezala haziko;
14 Jaunaren etxean landaturik,
gure Jainkoaren ondoan garatuko da.
15 Zaharturik ere fruitu emango du,
mardul eta heze iraungo beti,
16 Jauna zuzena dela iragartzeko,
nire harkaitza, gaiztakeriarik gabea».