3. SALMOA

Fededun erasotuaren oihua

1 Daviden salmoa. Bere seme Absalomengandik ihesi zebilenekoa.
2 Zein ugari, Jauna, nire etsaiak!
Zein ugari aurka altxa zaizkidanak!
3 Zein ugari nitaz esaka ari direnak:
«Jainkoak ere ez du salbatzen!»* 3,3 Tx.aren bukaeran hitz bat dakar jatorrizkoak, otoitzerako errubrika dirudiena. Hitzaren esanahia ezezaguna da. Zenbaitek geldiune interpretatzen du. Hitza askotan dator Salmo-liburuan zehar. Itzulpenean ez dugu adierazi.
4 Baina zu zara, Jauna, nire babeski, zu nire ohore.
Zuk didazu burua jasotzen.
5 Oihuka egiten diot dei Jaunari,
eta erantzuten dit bere mendi santutik.
6 Oheratzen naiz eta lokartzen, eta berriro esnatzen,
Jauna baitut euskarri.
7 Milaka etsaik inguratzen banau ere, nik beldurrik ez.
8 Jaiki zaitez, Jauna! Salba nazazu, ene Jainko!
Nire etsaiak masailean jotzen dituzu,
gaizkileei hortzak hausten dizkiezu.
9 Zuregandik, Jauna, salbamena,
zure herriarentzat bedeinkapena.