← Previous Salmoak 146 Next →

146. (145.) SALMOA

Jainko ahaltsu eta ongileari gorazarrea: zorionekoa harengan itxaropen duena!

1 Aleluia! Gora Jauna* 146,1 Gora Jauna: Ik. 104,35 oh.!
Gorets beza ene arimak Jauna!
2 Goretsiko dut Jauna bizi naizen artean,
soinua joko neure Jainkoari naizen artean.
3 Ez izan konfiantzarik handikiengan,
salbatzeko gauza ez diren gizakiengan:
4 azken arnasa emanik, hauts bihurtzen dira,
eta akabo orduan haien egitasmoak.
5 Zorionekoa Jakoben Jainkoa lagun duena,
bere Jainko Jauna itxaropen duena!
6 Jaunak egin ditu zeru-lurrak eta itsasoa,
eta horietan dagoen guztia;
beti eusten dio bere hitzari.
7 Zapalduen eskubideak defendatzen ditu,
gose direnei ogia ematen.
Jaunak askatzen ditu presoak,
8 Jaunak zabaltzen itsuen begiak,
Jaunak altxatzen lur jota daudenak.
Jaunak maitatzen zintzoak,
9 Jaunak ditu etorkinak zaintzen,
umezurtz eta alargunei zutik eusten,
baina gaiztoen nagusigoa iraultzen.
10 Jauna errege da betiko,
errege zure Jainkoa, Sion, menderen mendetan!
Aleluia! Gora Jauna!