Job

1 Jobek erantzun zuen:

Jobek Jainkoa aurkitu nahi

2 «Gaur ere garratz kexatzen naiz,
nekez eusten diet neure aieneei.
3 Ai, jakingo banu non aurkitu,
bera dagoen lekuraino iristeko!
4 Nire auzia aurkeztuko nioke,
aho bete argudioz aurkeztu ere.
5 Jakingo nuke zer erantzuten didan,
ulertuko nuke zer duen niri esateko.
6 Bere indar guztia erabiliko ote luke nirekin eztabaidan?
Gutxienez, arretaz entzun beharko lidake.
7 Orduan, berarekin zintzo eztabaidatu
eta behin betiko irabaziko nuke auzia.
8 Baina ekialdera joan, eta ez dago han;
mendebaldera jo, eta ez dut sumatzen.
9 Iparraldean ari bada, ezin dut atzeman,
hegoaldean ezkutatzen bada, ez dut ikusten.

Job Jainkoaren presentziaren beldur

10 «Halere, badaki hark zein den nire jokabidea;
proba nazala, urrea bezain garbi aterako naiz.
11 Nire oinek haren arrastoari jarraitu diote,
saihestu gabe eutsi diot haren bideari;
12 ez naiz urrundu, ez, haren aginduetatik,
haren esanak barruan gorde ditut.
13 Baina hura berean tinko: nork eragingo atzera?
Zer nahi, hura egiten du.
14 Bete egingo du nire aurkako epaia,
beste erabaki guztiak bezalaxe.
15 Horregatik ikaratzen nau haren presentziak;
zenbat eta gehiago pentsatu, are gehiago beldurtzen nau.
16 Jainkoak kikildu nau, Ahaltsuak ikaraz bete.
17 Ai, ezereztu izan banindu ilunpetan eta iluntasunez estali!* 23,17 Tx.a iluna da eta era desberdinetan ulertua eta itzulia.