Jaunak askapena iragarri herriari

1 Baina orain, Israel,
Jakoben herri,
honela mintzo zaizu Jauna,
sortu eta eratu zaituena:
«Ez izan beldur,
askatu egin baitzaitut
eta zeure izenez deitu: nirea zara zu.
2 Ibaiak pasatzean,
zurekin izango naiz:
urek ez zaituzte hondoratuko;
sutatik igarotzean, ez zara erreko,
ez zaitu sugarrak kiskaliko.
3 Neu bainaiz Jauna, zure Jainkoa,
Israelen Jainko santua da
zure salbatzailea.
Egipto eman dut zure askapen-sari,
Etiopia eta Seba, * 43,3 Seba: Gaur egungo Sudan iparraldea gutxi gorabehera.zure ordainetan
4 hain preziatua baitzara niretzat:
biziki estimatzen
eta maite zaitudalako,
gizakiak ematen ditut zure truke,
herriak zure biziaren ordain.
5 Ez izan beldur, zurekin bainago.
Ekialdetik eta mendebaldetik
bildu eta ekarriko ditut
zure herritarrak.
6 Iparraldeari esango diot:
“Itzul itzazu”,
eta hegoaldeari: “Ez eduki hor”.
Itzul itzazue lurraren urrutieneko
bazterretatik nire seme-alabak,
7 nire izena daramaten guztiak,
neuk sortu eta eratu nituenak,
neure aintzarako egin nituenak.
8 Utzi etortzen nire herriari,
begiak eduki arren itsu
eta belarriak eduki arren
gor dagoenari.

Jaunak bakarrik salbamena iragarri eta burutu

9 «Bil bitez nazio guztiak,
elkar bitez herriak:
horietako zeinek iragarri zuen
hau guztia
edo lehengo gertakizunak
jakinarazi?
Aurkez bitzate lekukoak,
beren buruak zuri ditzaten,
entzun diezaiegun
eta aitortu egia zela.
10 Honela diot nik, Jaun honek:
Zuek zarete nire lekuko,
israeldarrok,
zuek nire zerbitzari;
nik aukeratu zaituztet,
ni ezagutu, niregan sinetsi
eta ni beti berbera naizela
uler dezazuen.
Nire aurretik ez da jainkorik izan,
ezta izango ere nire ondoren.
11 Neu naiz Jauna, neu;
ez da ni beste salbatzailerik.
12 Nik iragarri dut
eta aurrez adierazi,
nik salbatu zaituztet,
eta ez zen zuen artean
jainko arrotzik.
Zuek nire lekuko
eta ni zuen Jainko,
13 aurrerantzean ere beti berbera.
Ezin dit inork eskutik ezer kendu.
Nik egina nork desegin?»
14 Hau dio Jaunak, zuen askatzaileak,
Israelen Jainko santuak:
«Zuen onerako,
gudarostea bidaliko dut Babiloniara
eta denak ihesi aterako dira,
ihesi babiloniarrak,
beren ontzietan babesturik. * 43,14 Zuen… babesturik: Zatiaren testua zalantzazkoa da eta itzulpena ez segurua.
15 Neu naiz Jauna, zuen Jainko santua,
Israelen egilea, zuen erregea».
16 Hau dio Jaunak:
«Nik ireki nuen bidea itsasoan,
ur oldartsuetan zehar;
17 gurdi eta zaldizko gudaroste ahaltsua
aterarazi nuen gudura:
bat-batean lur jo zuten,
eta berriz jaiki ez;
kandela-metxa bezala
itzali ziren eta galdu.
18 Baina orain ez oroitu antzinakoez,
ez gogoratu lehenago gertatuez.
19 Hara, zerbait berria egitera noa:
hasia da sortzen,
ez al diozue antzematen?
Bidea irekiko dut basamortuan,
ibaiak sorraraziko landa lehorrean.
20 Basapiztiek, txakal eta ostrukek,
ohore emango didate,
basamortuan ura emango baitut
eta landa lehorrean
ibaiak sorraraziko,
nire herriari, neure aukeratuari,
edaten emateko.
21 Eta neuretzat eratu dudan herriak
nire gorapena iragarriko du.

Jaunak herria salatu

22 «Zuk, Israel, Jakoben herri horrek,
ez didazu dei egin, nitaz asperturik.
23 Ez didazu erre-oparitzat
ardirik eskaini,
ez nauzu sakrifizioez ohoratu.
Nik ez zaitut opariak
eskaintzera behartu,
ezta intsentsu eske aspertu* 43,23 aspertu: Tx. hauek behartu eta aspertu hitzekin jokatzen dute. Jaunak bazuen eskubidea herria bere zerbitzura behartzeko; baina herriak behartu du Jauna bere bekatuengatik… zigorra ematera (ik. 28. tx.).ere.
24 Ez duzu niretzat usaingarririk erosi,
ez nauzu oparigaien gantzez ase.
Alderantziz, behartu egin nauzu
zeure bekatuekin,
aspertu zeure erruekin.
25 Nik, ordea,
neure kabuz suntsitu nituen
zure errebeldiak,
ez nituen kontuan hartu zure erruak.
26 Emadazu kontu,
goazen elkarrekin auzitara;
defenda zaitez,
arrazoi eman diezazuten.
27 Zure lehen arbasoak ere
bekatu egin zuen,
zure ordezkariak* 43,27 lehen arbasoa: Jakob da (ik Has 25,26; 27,36; Os 12,4). // ordezkariak: Apaiz eta profetak.
nire aurka errebelatu ziren.
28 Horregatik, santutegiko arduradunak
zapuztu egin nituen,
Israel suntsipenera eman nuen,
Jakoben herria irainetara».