← Previous Apokalipsia 18 Next →

Babilonia erori

1 Ondoren, beste aingeru bat ikusi nuen zerutik jaisten; ahalmen handia zuen eta haren distirak lurra argitu zuen. 2 Ahots indartsuz egin zuen oihu:
«Erori da erori Babilonia handia!
Deabruen bizileku bihurtu da,
espiritu gaizto guztien zulo,
piztia kutsatu
eta nazkagarri guztien zulo.
3 Herri guztiek edan dute
haren prostituzio sutsuaren ardotik;
munduko erregeak
prostituzioan ibili dira berarekin
eta lurreko merkatariak
aberastu egin dira
haren neurrigabeko luxuari esker».
4 Beste ahots bat entzun nuen zerutik esaten:
«Irten Babiloniatik, ene herri,
haren bekatuekin
bat egin ez dezazun,
eta beraren zigorrak
harrapa ez zaitzan;
5 haren bekatu-pila
zeruraino iritsi baita
eta Jainkoak gogoan ditu
haren gaiztakeriak.
6 Eman berari
berak besteei emandako tratua,
ordaindu berari berak egin halako bi;
emaiozue edaten ontzian,
berak besteei edanarazi halako bi.
7 Zenbatekoak izan diren
haren ospea eta luxua,
emazkiozue hainbateko
oinazea eta negarra,
honela baitio bere baitan:
“Erregina bezala
nago tronuan eseria,
ez naiz alargun,
ezta dolutan izango ere”.
8 Horregatik, egun berean
etorriko zaizkio gainera
merezitako zigorrak:
heriotza, dolua eta gosea,
eta kiskali egingo da sutan;
ahaltsua baita
bera epaitu duen Jainko Jauna».

Babiloniagatik negar-kanta

9 Babiloniarekin prostituzioan eta atseginkerian ibiliak diren munduko erregeek negar eta dolu egingo dute, haren sutearen ke-mordoa ikustean. 10 Haren oinazearen izu-ikaraz urruti geldituko dira, esanez:
«Ai zu, ai hiri handia,
Babilonia, hiri ahaltsua!
Une batean burutu da zure zigorra!»
11 Lurreko merkatariek ere negar eta aiene egingo dute harengatik, ez baitizkie aurrerantzean inork erosiko beren salgaiak: 12 urre, zilar, harribitxi, perla; liho, purpura, zeta, eskarlata; era guztietako zur usaintsu, boli eta zur baliotsuzko tresna, brontze, burdina eta marmolezko tresna; 13 kanela, iltze-kanela, lurringai, mirra eta intsentsu; ardo, olio, irin eta gari; abere handi eta txiki, zaldi eta gurdi, eta giza esklabo* 18,13 giza esklabo: H.h., gorputzak eta giza arimak. Esanahi zehatza ez da segurua. Zenbaitek esklaboak eta giza merkantzia itzultzen du..
14 «Hainbeste irrikatzen zenuen
fruitua
urrundu egin zaizu;
galdu dituzu zeure luxua eta ospea,
sekula ez berreskuratzeko».
15 Merkatariak, haren kontura aberastu direnak, haren oinazearen izu-ikaraz urruti geldituko dira, negarrez eta aiene bizian, 16 esanez:
«Ai zu, ai hiri handia,
liho, purpuraz eta eskarlataz jantzia,
urrez, harribitxiz
eta perlaz apaindua!
17 Une bat aski izan da
hainbesteko aberastasuna
errausteko!» Itsasontzietako kapitan-pilotu guztiek, marinelek eta itsasoa lanbide duten guztiek, urruti gelditu
18 eta, haren sutearen ke-mordoa ikustean, honela egin zuten oihu: «Hiri handi horrek ez zuen parekorik!» 19 Eta, nork bere burura hautsa botaz, oihu egiten zuen negarrez eta aieneka:
«Ai zu, ai hiri handia!
Zure aberastasunei esker
aberastu ziren
itsasontziak zituzten guztiak.
Horra orain une batean erraustua!»
20 Poztu, oi zeru, horren zoriaz,
eta zuek ere bai,
fededun, apostolu eta profetak,
hori kondenatzean
justizia egin baitizue Jainkoak.
21 Orduan, aingeru ahaltsu batek harri bat, errotarri handi baten antzekoa, jaso eta itsasora jaurti zuen, esanez:
«Honelaxe jaurtiko dute
Babilonia, hiri handia,
eta betiko desagertuko da.
22 Ez da sekula entzungo
zitara-soinu edo kanturik,
ez txirula edo turutarik zure baitan;
ez da sekula artisaurik izango,
ezta errota-hotsik entzungo ere
zure baitan;
23 ez da sekula kriseilu-argirik izango,
ezta entzungo senar-emaztegaien
kanturik ere zure baitan;
zeren eta zure merkatariak
lurreko ahaltsuenak baitziren,
eta zeure sorginkeriez
herri guztiak engainatu baitituzu.
24 Zikindua zaude
profeta, fededun eta lurrean hilak
izan diren guztien odolaz».