← Anterior Ben Sirak 41 Següent →

Heriotza

1 Oi heriotza, bai garratza zure oroitzapena
bere ondasunen artean lasai bizi denarentzat,
sendo finkatua egonik, dena ongi atera
eta oraindik atseginak gozatzeko* 41,1 atseginak gozatzeko: Grekozkoak janariak gozatzeko dio.sasoian dagoenarentzat!
2 Oi heriotza, ongi etorria zure erabakia
behartsu eta indargabe dagoenarentzat,
oso zahartua eta aje askorengatik abaildua,
nazkaturik, pazientzia galduta, agertzen denarentzat!
3 Ez izan heriotzaren erabakiaren beldur,
izan gogoan zeure aurretik joandakoak
eta atzetik jarraituko dizutenak.
4 Jaunak erabakia du hori bizidun guztientzat.
Zergatik aurre egin Goi-goikoaren borondateari?
Hamar, ehun edo mila urte bizi,
Hildakoen Egoitzan ez dio horrek inori axola.

Fedegabeen zigorra

5 Bekatarien seme-alabak higuingarri bihurtzen dira,
fedegabeekin sarri elkartzen baitira.
6 Bekatarien seme-alaben ondarea hondamendira doa,
etengabeko lotsa utziko diete ondorengoei.
7 Fedegabeko gurasoek seme-alaben agiraka jasango dute,
beraien erruz baitaude lotsagarri.
8 Ai zuek, gizaki fedegabeok,
Goi-goikoaren legea baztertu duzuenok!
9 Madarikatuak izateko jaio zineten
eta, hiltzean ere, madarikazioa duzue herentzia* 41,9 Grekozko eskuizkribu batzuk, baita hebreerazkoa ere, honela hasten dira: Ugaltzen bazarete, hondamenerako da; eta jarraitzen du hebreerazkoak: seme-alabak izaten badituzue, atsekaberako da; erortzen bazarete (herriaren –sirierazkoaren arabera–), amaigabeko pozerako, eta hiltzen bazarete, madarikatuak izateko..
10 Lurretik datorrena lurrera itzuliko da;
fedegabea madarikaziotik hondamendira* 41,10 Hebreerazkoak dio: Ezerezetik datorrena ezerezera itzuliko da; berdin fedegabea ez-izatetik ez-izatera..

Izen ona

11 Gizakiek dolu egiten dute hildakoengatik,
baina bekatariek izen onik ez,
hauen oroitzapena ere ezabatu egingo* 41,11 Hebreerazkoak dio: Gizakiaren gorputza hutsala da, baina ontasunaren ospea ez da ezabatuko..
12 Arduratu zeure izenaz, hori geldituko baitzaizu gero,
urrezko mila altxor baino luzaroago gelditu ere.
13 Bizitza onak egun-kopuru mugatua du,
izen onak betiko irauten.

Egiazko eta gezurrezko lotsa

14 Seme-alabok, erakutsi hartu duzuen heziketa, bakean biziz.
Agertzen ez den jakinduriak eta ezkutuko altxorrak,
zertarako balio dute batak eta besteak?
15 Hobe da bere txorakeria ezkutatzen duena
bere jakinduria ezkutatzen duena baino.
16 Beraz, esango dizuet benetan zertaz lotsatu,
ez baita ona edozertaz lotsatzea,
eta denek ez dute gauza guztiez iritzi zuzena izaten:
17 lotsatu, aita-amen aurrean, lizunkeriaz;
buruzagi eta ahaltsuaren aurrean, gezurraz;
18 epaile eta magistratuaren aitzinean, delituaz;
batzar eta herriaren aitzinean, lege-hausteaz;
lagun eta adiskidearen aurrean, maltzurkeriaz;
19 auzokoen aurrean, lapurretaz.
Izan lotsa hitzarmen eta konpromisoak ez betetzeaz,
mahaian gizabidetsu ez jokatzeaz* 41,19 Izan lotsa… betetzeaz: Hebreerazkoaren arabera; grekozkoak dio: Izan lotsa Jainkoaren egiaren eta itunaren aurrean. // mahaian… jokatzeaz: H.h., ukalondoak ogien gainean jartzeaz.,
modu txarrean eman edo hartzeaz,
20 agurtzen zaituztetenei ez erantzuteaz,
emagalduei begiratzeaz,
21 herrikideei jaramonik ez egiteaz,
norbaiti berea duena edo eman diotena kentzeaz,
inoren emaztea irrikatzeaz;
22 neskamearekin ausartegi jokatu
eta beraren ohera hurbiltzeaz;
izan lotsa laguna hitzez iraindu
eta, berari zerbait eman ondoren, emandakoagatik mintzeaz,