← Anterior Ben Sirak 37 Següent →

Benetako lagunak eta gezurrezkoak

1 Lagun guztiek diote: «Ni ere lagun nauzu»,
baina batzuk izenez bakarrik dira lagun.
2 Ia heriotza dakarkigun nahigabea da
laguna eta adiskidea etsai bihurtzea!
3 Nondik da sortua gaiztakeriarako joera,
mundua maltzurkeriaz betetzen duena?* 37,3 Hebreerazkoak dio: Zoritxarrekoa hau dioen gaiztoa: Zertarako sortu ninduten? Mundua maltzurkeriaz betetzeko.
4 Bada lagunik, adiskidearen pozaldia atsegin izan arren,
atsekabealdian aurka jartzen zaionik* 37,4 Hebreerazkoak dio: Lagun txarra mahaian arretatsu agertzen da, baina atsekabealdian urrundu egiten.;
5 sabela betetzearren adiskidearen neke-lagun da,
baina borroka egin behar denean,
babeski atzean gordetzen.
6 Ez ahaztu adiskideaz zeure bihotzean,
ez galdu haren oroitzapena aberasten zarenean.

Aholkulari on eta txarrak

7 Aholkulari orok hobesten ditu bere aholkuak,
baina batzuek beren komenientzia dute helburu.
8 Kontuz ibili aholku-emailearekin;
lehendabizi, jakin zeren beharrean dagoen
–bere onura baitu hark ere gogoan–,
beraren erabakia zure aurkakoa izan ez dadin* 37,8 beraren… dadin: Honela ere itzul daiteke: Zorte ona opa ez diezazun, 9 eta esan.;
9 agian, esango dizu: «Bide onetik zoaz»,
zuri zer gertatuko begira gelditzen zaizun bitartean.
10 Ez eskatu aholkurik mespretxuz begiratzen dizunari,
gorde zeure asmoak zure inbidiatan daudenei.
11 Ez eskatu aholkurik
emakumeari bere lehiakideaz,
koldarrari gerraz, merkatariari negozioaz,
erosleari salmentaz, bekaiztiari esker onaz,
errukigabeari bihozberatasunaz, alferrari edozein lanez,
aldi baterako langileari eginkizuna amaitzeaz,
morroi nagiari lan handiaz.
Ez fidatu horrelakoen kontseiluez,
12 baizik eta jo sarri zintzoarengana,
baldin badakizu aginduak betetzen dituela
eta zurea bezalako sentiera duela:
erortzen bazara, saminean lagun izango duzu.
13 Halaber, jarraitu tinko zeure barruak diotsunari,
ez baituzu inor berori baino fidagarriagorik:
14 batzuetan barrenak hobeto ohartarazten baitu gizakia
toki garaietan zaindari dauden jagole guztiek baino.
15 Eta, batez ere, eska Goi-goikoari
gida dezala zure bizitza egiaren bidetik.

Benetako eta gezurrezko jakinduria

16 Pentsamendua dago egintza ororen hasieran,
gogoeta edozein eginkizunen aurretik.
17 Bihotz barrutik sortzen dira pentsamenduak* 37,17 Bihotz… pentsamenduak: Hebreerazkoaren arabera; grekozkoa ez da argia.
18 eta lau norabide hartzen:
ongia eta gaizkia, bizia eta heriotza,
baina mihiak menderatzen ditu beti.
19 Bada beste asko hezten trebe denik,
baina bere buruarentzat probetxugabea.
20 Bada hizlari treberik higuingarri gertatzen denik:
zer janik gabe geldituko da;
21 izan ere, ez dio Jaunak dohainik eman
eta ez du batere jakinduriarik.
22 Bada bere baitan jakintsu denik ere,
eta haren adimenaren fruitu fidagarriak
beraren hitzetan agertzen dira.
23 Honelako gizon jakintsua bere herriaren hezitzaile da,
eta fidagarriak dira beronen adimenaren fruituak.
24 Gizon jakintsua gorespenez betetzen dute
eta ikusten duten guztiek hartzen zoriontsutzat.
25 Egun-kopuru mugatua du gizakiaren bizitzak;
Israelen egunak, berriz, kontaezinak dira.
26 Jakintsuak herritarren uste ona bereganatuko du,
betiko iraungo haren izenak.

Neurritasuna

27 Seme, probatu zeure burua bizitzan zehar,
ikus zer zaizun kaltegarri eta egiozu uko;
28 dena ez baita guztientzat komenigarri,
guztiek ez dute gauza berberetan atsegina aurkitzen.
29 Ez izan asegaitz atsegin guztiak probatu nahirik,
ez oldartu irrikaz janarien gainera;
30 gehiegizko jan-edanak gaixotasuna ekartzen baitu,
eta sabelkeriak beherakoa.
31 Asko hil dira beren sabelkeriaren ondorioz,
baina kontuz ibiltzen denak bizitza luzatzen du.