← Anterior Ben Sirak 19 Següent →
1 Edateari emandako langilea ez da aberastuko,
gauza txikiak gutxiesten dituenak behea joko poliki-poliki.
2 Ardoak eta emakumeek gizon zentzudunak ere galtzen dituzte,
emagalduekin dabilena are arrisku handiagotan jartzen da.
3 Ustelak eta harrek berenganatuko dute,
arriskuzaleak bizia galduko.

Isiltzen eta hitz egiten jakin

4 Bizkorregi fidatzen dena kaskarina da;
bekatariak bere buruari egiten kalte.
5 Gaiztakeriaz gozatzen dena kondenatua izango da* 19,5 Eskuizkribu batzuek eransten dute: atseginkeriei aurre egiten dienak bere bizitza koroatzen du; mihiari eusten diona bakean biziko..
6 Berritsukeriari higuin dionak gaizkiari ihes egingo.
7 Sekula ez errepikatu entzuten duzuna
eta ez duzu zer galdurik izango,
8 ez kontatu lagunari, ez etsaiari;
ez azaldu, isiltzeak errudun bihurtzen ez bazaitu behintzat;
9 baliteke norbaitek entzun eta zutaz mesfidatzea,
eta egunen batean bere gorrotoa agertuko lizuke.
10 Zerbaiten berri entzun duzu? Txintik ere ez esan* 19,10 Txintik ere ez esan: H.h., Hil bedi zeurekin edo Lurperatu zeuregan..
Lasai, ez zara lehertuko eta.
11 Berria jakitean ondoezik jartzen da zentzugabea,
emakumea erdiminetan bezala.
12 Izterrean sartutako gezia bezala da
entzundako berria zentzugabearen erraietan.
13 Galdekatu laguna: agian ez du ezer egin,
eta zerbait egin badu, berriro egin ez dezan.
14 Galdekatu lagun hurkoa: agian ez du hori esan,
eta esan badu, errepika ez dezan.
15 Galdekatu laguna: askotan kalumnia besterik ez da izaten;
ez fidatu, beraz, esaten den guztiaz.
16 Batzuetan, nahi gabe, irrist egiten da;
nork ez du noizbait mihiaz huts egin?
17 Galdekatu lagun hurkoa mehatxatu aurretik,
eta bete dadila Goi-goikoaren legea* 19,17 Eskuizkribu batzuek eransten dute: 18 Jaunarenganako begirunea da hark onartua izateko lehen gauza eta jakinduriak haren maitasuna du irabazten. 19 Jaunaren aginduen ezagutza bizitzarako heziketa da; hari atsegin zaiona egiten duenak hilezkortasunaren zuhaitzeko fruituak jasoko ditu..

Egiazko eta gezurrezko jakinduria

20 Jakinduria oro Jaunarenganako begirunean datza,
haren legea betetzean, alegia* 19,20 Eskuizkribu batzuek eransten dute: eta haren ahalguztiaren ezagueran. 21 Nagusiari «Ez dut egingo zuk nahi duzuna» esaten dion morroiak, nahiz eta gero egin, amorrarazi egiten du jaten ematen diona..
22 Baina gaizkian aditua izatea ez da jakinduria,
bekatarien burutazioak ez dira zuhurtzia.
23 Bada zuhurtasun bat nardagarri dena,
burugabea da jakinduriarik ez duena.
24 Hobe da Jaunari begirune dion adimen gutxikoa,
legea hausten duen buruargia baino.
25 Zeren, bada zuhurtasun zehatz bat bidegabekeriara daramana,
baita maltzurkeriaz jokatzen duena zuzen-itxurak egiteko ere.
26 Bada gaizkilerik kopetilun eta burumakur ibili
eta barrua maltzurkeriaz betea duenik.
27 Aurpegia ezkutatu eta entzungor egiten du,
baina gutxien uste duzunean zure gainera oldartuko da.
28 Ezinak bakarrik eusten dio huts egin gabe,
baina egokiera duenean egingo du gaizkia.
29 Bere itxuratik ezagutzen da gizakia;
aurpegieratik ezagutzen nor den burutsua.
30 Janzkerak, barreak, ibilerak
azaltzen dute nolakoa den gizakia.