1 2 3 4 5 6 7 8 9 10 11 12 13 14 15 16

Parabola-hitzaldia (4,1-34)

Ereilearen parabola

(Mt 13,1-9; Lk 8,4-8)

1 Beste batean, irakasten hasi zen Jesus aintzira-ertzean. Eta hainbeste jende bildu baitzitzaion ondora, uretan zegoen txalupa batera igo eta bertan eseri zen. Jende-taldea, berriz, lehorrean zegoen, aintzira ondoan. 2 Eta parabola bidez hitz eginez, irakaspen asko eman zien. Honela ari zitzaien bere irakastaldian: 3 «Entzun! Atera zen behin batean ereilea hazia ereitera. 4 Ereitean, zenbait ale bide-bazterrean erori zen; eta txoriek etorri eta jan egin zuten. 5 Beste zenbait harri artean erori zen, lur handirik ez zen tokian; eta, axaleko lurra izanik, berehala erne zen; 6 baina eguzkiak jo orduko, erre egin zen eta, sustrairik ez zuelako, ihartu. 7 Beste zenbait ale sasi artean erori zen: sasiek, haztean, ito egin zuten hazia eta ez zuen fruiturik eman. 8 Gainerakoak lur onean erori ziren; erne, hazi eta fruitua eman zuten: bateko hogeita hamar edo hirurogei edo ehun». 9 Eta ohar hau egin zien Jesusek: «Ulertzeko gauza denak uler beza».