Elbarria larunbatez sendatua

(Mt 12,9-14; Mk 3,1-6)

6 Beste larunbat batez, sinagogan sartu zen Jesus irakastera. Bazen han eskuineko besoa elbarri zeukan gizon bat. 7 Lege-maisu eta fariseuak zelatan zegozkion ea larunbatez sendatzen ote zuen, zertan salatu izateko. 8 Jesusek, haien gogoetak igarririk, beso-elbarriari esan zion: –Jaiki eta atera zaitez erdira. Hura jaiki eta atera egin zen. 9 Jesusek esan zien, orduan: –Galdera bat: Larunbatez zer dugu legezko, on egitea ala gaitz egitea, bizia salbatzea ala kentzea? 10 Eta, inguruko guztiei begira, honela esan zion gizonari: –Luzatu beso hori. Luzatu zuen, eta sendatu egin zitzaion. 11 Lege-maisu eta fariseuak beren onetik aterata gelditu ziren, eta Jesusi zer egingo ari ziren beren artean.