Nondik Jesusen aginpidea?

(Mt 21,23-27; Mk 11,27-33)

1 Egun batean, Jesusek tenpluan herriari irakasten eta berri ona hots egiten ziharduela, apaizburuak eta lege-maisuak etorri zitzaizkion zaharrekin batera, 2 eta galdetu zioten: –Esaguzu zein aginpidez jokatzen duzun horrela. Nor da aginpide hori eman dizuna? 3 Jesusek erantzun zien: –Nik ere gauza bat galdetuko dizuet. Esadazue: 4 Joanek Jainkoaren aginduz ala giza aginduz bataiatzen zuen? 5 Haiek honela ari ziren beren artean: «Jainkoaren aginduz ari zela esaten badiogu, zergatik ez genion sinetsi erantzungo digu. 6 Giza aginduz ari zela esaten badiogu, berriz, jendeak harrika emango digu, Joan profeta zela sinetsiak baitaude denak». 7 Beraz, ez zekitela noren aginduz ari zen erantzun zioten. 8 Jesusek, orduan: –Ba, nik ere ez dizuet esango zein aginpidez jokatzen dudan horrela.