Jonasek arrain-sabeletik otoitz
1 Jaunak arrain handi bat bidali zuen Jonas irensteko. Eta hiru egun eta hiru gau igaro zituen Jonasek arrainaren sabelean. 2 Arrainaren sabeletik otoitz egin zion Jaunari, bere Jainkoari:3 «Larri nengoela,
Jaunari oihu egin nion,
eta erantzun zidan;
Hildakoen Egoitzatik laguntza eskatu,
eta entzun zidan.
4 Itsas sakonera bota ninduzun,
hondo-hondoraino:
zurrunbiloak inguratu ninduen,
zure uholde eta uhinek
azpian hartu.
5 Hau nioen:
Begien aurretik urrun bota nauzu.
Ai zure tenplu santua
berriz ikusterik banu!
6 Ura leporaino heldu zitzaidan,
itsas leizeak inguratu ninduen,
itsas belarrak buruan
bildu zitzaizkidan.
7 Mendi-erroetaraino jaitsi nintzen,
lur azpiraino* 2,7 lur azpi: Hildakoen tokia adierazten du, 3. tx.eko Hildakoen Egoitzak bezala. Hilerri hau irtenbide gabeko hiri bezala, ateak trankatuak dituen hiri bezala, irudikatu ohi da..
Itxiak nituen bertako ateak
gainean betiko.
Baina zuk, Jauna, ene Jainkoa,
bizirik atera ninduzun leizetik.
8 Hilzorian nengoela,
zu ekarri zintudan, Jauna, gogora,
eta nire otoitza
zureganaino iritsi zen,
zure tenplu santuraino.
9 Sasijainkoen gurtzaileek
jainkozaletasuna* 2,9 Jainkozaletasuna bertan behera uzten dute: Honela ere itzul daiteke: Utz bezate bazter (idoloekiko) beren jaiera..
bertan behera uzten dute.
10 Baina nik, esker ona kantatuz,
sakrifizioa eskainiko dizut,
promesak beteko.
Jauna da salbatzailea!» 11 Orduan, Jonas lehorrera botatzeko agindu zion Jaunak arrainari.