1
2
3
4
5
6
7
8
9
10
11
12
13
14
15
16
17
18
19
20
21
22
23
24
25
26
27
28
29
30
31
32
33
34
35
36
37
38
39
40
41
42
43
44
45
46
47
48
49
50
51
52
53
54
55
56
57
58
59
60
61
62
63
64
65
66
Jaunak bere salbamenaz poztuko Jerusalem
1 Jaunak dio:«Entzun niri, Jaun honi,
zuzenbidearen atzetik lehiatzen
eta nire bila zabiltzatenok.
Begira zein harkaitzetan ebakiak,
nongo harrobitik
ateratakoak zareten:
2 begira Abraham zeuen aitari,
eta mundura ekarri zintuzten Sarari.
Bat bakarra zen Abraham,
nik deitu nionean,
baina bedeinkatu egin nuen
eta ugaldu* 51,2 bedeinkatu eta ugaldu: Abrahami eginiko agintzariak gogorarazten dira (ik. Has 12,2 oh.), horietan oinarritzen baita erbesteratuek berreskuratuko duten lurraldearen dohaina.».
3 Bai, Jaunak Sion kontsolatzen du,
hondatua dagoen hiriari
poz ematen.
Herrialde erraustua
Edengo baratze* 51,3 Edengo baratzea: Ik. Has 2,8 eta oh.bihurtuko du,
eremua Jaunaren paradisu.
Zoriona eta alaitasuna izango dira,
gorespena eta kantu-hotsa.
4 «Adi egon, ene herri,
entzun arretaz, ene hiri* 51,4 ene herri, ene hiri: Agian zuzenago izango litzateke zenbait hebreerazko eskuizkriburekin eta sirierazko itzulpenarekin herriak, nazioak irakurtzea.:
neure irakaspena emango dut,
eta nire esanak
herrientzat argi izango dira.
5 Hurbil da nire garaipena,
badator nire salbamena
goiz-argia bezala;
aginpidez gobernatuko ditut nazioak.
Urrutiko herriak
nire zain egongo dira,
nire aginpidean
izango dute itxaropen.
6 Jaso begiak zerura,
begira behera, lurrera:
kea bezala desagertuko da zerua,
jantzia bezala gastatuko lurra
eta eltxoak bezala hilko
bertako bizilagunak.
Baina nire salbamenak
beti iraungo du,
nire garaipenak
ez du azkenik izango.
7 «Entzun niri, zuzenbidean adituok,
nire legea bihotzean
daramazun herri horrek.
Ez izan beldurrik gizakien isekei,
ez kikildu haien irainengatik,
8 sitsak jandako jantzia bezala,
harrak jotako artilea bezala
galduko baitira.
Baina nire garaipenak
beti iraungo du,
nire salbamenak gizaldiz gizaldi».
Esnatu, Jauna
9 Esna zaitez, esnatu,Jaun ahaltsu hori,
jantzi zaitez indarrez!
Esnatu, aspaldi bezala,
antzinako garaietan bezala!
Ez al zenuen zuk
itsas munstroa* 51,9 itsas munstroa: Jatorrizkoan Rahab; ik. 30,7 oh.txikitu
eta herensugea sarraskitu?
10 Ez al zenituen zuk itsaso zabaleko
ur handiak lehortu
eta itsas hondoa bide bihurtu,
askatuak igaro zitezen?
11 Halaxe itzuliko dira
Jaunak libratuak,
poz-oihuka etorriko dira Sionera:
amaigabeko alaitasuna
haien aurpegian!
Zoriona eta alaitasuna
izango dituzte lagun;
nahigabeak eta negarra kito!
Jauna kontsolatzaile
12 Jaunak dio:«Neuk kontsolatuko zaitut, neuk:
zer dela-eta diozu beldur
gizaki hilkorrari,
belarra bezain igarokor den gizakiari?
13 Ahaztu egiten zara Jaunaz,
zeure egileaz,
zerua hedatu
eta lurra oinarritu zuenaz,
eta ikara zara egun osoan, etengabe,
zu suntsitu nahian suturik
dabilen zapaltzailearen aurrean!
Non da, bada,
zapaltzailearen sumina?
14 Berehala aterako dira libre gatibuak:
ez dira kartzela-zuloan hilko,
ez zaie ogirik faltako.
15 Neu naiz Jauna, zure Jainkoa,
itsasoa astintzen duena,
olatuei orroa eraginez.
Jaun ahalguztiduna,
horixe dut izena.
16 Neuk hedatu dut zerua
eta oinarritu lurra,
eta Sioni esaten diot: Zu nire herria!
Neure mezuaren bozeramaile
egin zaitut,
eta neure eskupean babestu* 51,16 hedatu: Sirierazko itzulpenaren arabera; hebreerazkoak landatu dio. Eta esaldi osoa honela antolatzen du: Neure mezuaren bozeramaile egin zaitut eta neure eskupean babestu, zeruak hedatu eta lurra oinarritu nuenean eta Sioni esan nionean: Zu nire herria!».
Bukatu da Jerusalemen atsekabealdia
17 Esna zaitez, esnatu,jaiki, Jerusalem!
Edan baituzu Jaunak emaniko
zigor-edari samina,
hondoraino edan duzu
zorabiozko kopa* 51,17 kopa: Zigorraren irudia da; ik. Jr 25,15 oh..
18 Izan dituzun semeetan,
inor ez da zu gidatzeko;
hazi dituzunen artean,
inor ez zu eskutik eramateko.
19 Zoritxar biok gertatu zaizkizu:
herrialdea hondatua eta desegina,
jendea goseak eta gerrak hila.
Baina nor errukitzen zaizu?
Nork kontsolatzen zaitu?
20 Hor daude zure seme-alabak,
kaleburu guztietan etzanik,
ezinaren ezinez,
sarean harrapaturiko
antilopeak bailiran,
Jaunaren suminak,
zure Jainkoaren zigorrak jota.
21 Entzun, beraz, hiri gaixo,
mozkortua zauden horrek,
baina ez ardoz;
22 entzun zer diotsun Jaunak,
zeure Jainkoak,
bere herria defendatzen duenak:
«Eskutik kenduko dizut
zorabiozko kopa;
ez duzu gehiago
nire zigor-edari samina edango.
23 Zure borreroei emango diet,
zuri esaten zizutenei:
“Etzan lurrean,
gainetik igaro gaitezen!”
Eta bizkarra
eskaini behar izan zenien,
zoru eta kale gisa,
gainetik igaro zitezen».