Jaunari gorazarrea

1 Jauna, zu ene Jainkoa:
goresten zaitut
eta zure izena dut ospatzen,
burutu baitituzu
zeure egitasmo miragarriak,
zeuk aspalditik leial finkatuak.
2 Hiria harri-pila bihurtu duzu,
gotorlekua hondamendi;
atzerritarren gazteluak lur jo du,
eta inork ez du berriro jasoko.
3 Horregatik,
ohore ematen dizu herri ahaltsuak,
begirune dizu
jende ankerreko hiriak.
4 Indargabearentzat
babesleku izan zara,
behartsuarentzat
larrialdian babesleku:
ekaitzean aterpe,
sargorian gerizpe.
Izan ere, jende ankerraren erasoa
ekaitza hormaren kontra bezala da,
5 lurralde lehorrean sargoria bezala.
Zuk mututu duzu
atzerritarren zalaparta-hotsa;
lainoaren itzalak beroa bezala,
hala ito dituzu
jende ankerraren oihuak.

Nazioentzat otordua

6 Sion mendian, Jaun ahalguztidunak
otordu oparoa emango du
nazio guztientzat,
janari gozo mamitsuz,
ardo zahar bikainez.
7 Mendi honetan kenduko du
herri guztiak estalirik zeuzkan zapia,
nazio guztiak bilduak zeuzkan
oihala.
8 Behin betiko galduko du heriotza!
Jainko Jaunak
guztien begietako malkoak
xukatuko ditu,
eta mundu guztian jasaniko
lotsaizuna
bere herriarengandik baztertuko.
Hala esan du Jaunak.
9 Egun horretan, hau esango dute:
«Hona hemen gure Jainkoa!
Berarengan genuen itxaropena
eta salbatu egin gaitu.
Jauna da!
Berarengan genuen itxaropena:
poztu eta alai gaitezen,
salbatu egin baikaitu».

Jaunak Moab zigortuko

10 Mendi hau bere eskuz
zainduko du Jaunak;
Moab* 25,10 Moab: Ik. 24,10 oh., ordea, bertan zapalduko,
lastoa simaurtegian
zapaldu ohi den bezala.
11 Han besoak luzatuko ditu Moabek,
igerilariak igerian bezala;
baina bere besoen ahaleginez
ez du bere harrokeria
azpiragotzea baizik lortuko.
12 Haren harresi sendo eta garaiak
Jaunak bota eta eraitsiko ditu,
lur jota eta hauts eginda utziko.