Garaileen kanta
1 Zeruan beste seinale handi eta harrigarri bat ikusi nuen: zazpi aingeru zazpi izurrirekin; azken izurriak ziren, horietan burutzen baitzen Jainkoaren zigorra. 2 Ondoren, suz nahasiriko kristalezko itsaso antzeko zerbait ikusi nuen, eta kristalezko itsasoaren ondoan zutik, piztia, beronen irudia eta izenaren zenbakia garaitu zituztenak. Jainkoaren zitarak zituzten eskuetan 3 eta Jainkoaren zerbitzari Moisesen eta Bildotsaren kantua abesten zuten:«Bai handi eta harrigarriak
zuk eginak,
oi Jauna, Jainko ahalguztiduna!
Bai zuzen eta leiala zure jokabidea,
oi herrien Errege!
4 Nork ez zuri begirune, Jauna?
Nork ez goretsi zure izena?
Zu bakarrik zara santu!
Herriak oro etorri
eta zure aurrean
ahuspeztuko dira,
zure salbamen-asmoak
denen aurrean agertu baitira».