← Anterior Ben Sirak 45 Següent →

Moises

1 Jainkoak eta gizakiek maitatua,
beti onespenez gogoratua.
2 Aingeruenaren pareko aintza eman zion
eta handi egin, etsaiei beldurra sartzeko.
3 Bere hitzez mirariak sorrarazi zituen* 45,3 mirariak sorrarazi zituen: Hebreerazkoaren arabera, grekozkoa zertxobait zuzenduz; honek mirariak amaiarazi zituen dio.,
erregeen aurrean goretsi zuen,
aginduak eman zizkion bere herriarentzat
eta bere aintzaren zerbait erakutsi.
4 Bere leialtasun eta otzantasunagatik sagaratu zuen,
gizaki guztien artetik aukeratuz.
5 Bere ahotsa entzunarazi zion
eta lainoan sarrarazi.
Aurrez aurre eman zizkion aginduak,
bizia eta ezaguera dakarren legea,
Israeli, Jakoben herriari,
bere ituna eta erabakiak irakasteko.

Aaron

6 Lebiren leinutik Jainkoak Aaron* 45,6 Aaron: Ben Sirakek, aipatzen dituen pertsonaia guztietatik, Aaron apaizari ematen dio garrantzi handiena, Simon apaiz nagusiarekin batera (50. kap.). Apaizgoak gaina hartzen die beste funtzioei.aukeratu zuen,
gizon santua, bere anaia Moisesen antzera.
7 Betiko konpromisoa hartu zuen Jainkoak harekin
eta herriarentzako apaiz izendatu.
Ohoratu egin zuen apaingarri ederrez,
soingaineko zoragarria jantzarazi zion.
8 Duintasun paregabez estali zuen
eta aginte-ezaugarriz koroatu:
galtzaz, soingainekoz eta efodaz.
9 Granada-fruituz apaindu zion jantzia,
eta urrezko txilin ugariz,
ibiltzerakoan tintin egin
eta hotsa tenplu osoan entzun zedin,
israeldarrentzat oroigarri gisa* 45,9 israeldarrentzat oroigarri gisa: Jainkoa israeldarrez oroit dadin nahiz israeldarrak Jainkoaz oroit daitezen..
10 Jantzi sakratua ere eman zion,
urrez, purpura more eta gorriz egina,
apain bordaturiko lana;
baita epaiketarako bularrekoa ere,
«Urim» eta «Tumim» epaigailuekin:
11 liho-hariz josia, artelanez egina;
harribitxiak zituen zigiluen erara zizelkatuak,
urrezko begietan sartuak,
–benetako zilargin-lana–,
eta oroigarri gisa hamabi inskripzio grabaturik
Israelgo leinuen izenekin;
12 urrezko diadema zeraman buruzapiaren gainean,
«Jaunari sagaratua» hitzak zituelarik zizelkatuta:
ohore-ikur, goi-mailako lan,
begien atsegingarri, apaingarri paregabea.
13 Haren aurretik ez zen ezer hain ederrik izan;
arrotzek ez dute inoiz halakorik jantzi,
ez jantziko ere,
haren semeek eta ondorengoek baizik.
14 Hark eskainiriko sakrifizioak erabat erretzen ziren
bi aldiz egunean etengabe.
15 Moisesek eman zion apaizgoa Aaroni,
olio sakratuz gantzutuz.
Hau betiko konpromiso bihurtu zen harentzat
eta haren ondorengoentzat, zeruak iraun bitartean,
kultua egin eta apaiz-zerbitzua betetzeko
eta Jaunaren izenean herria bedeinkatzeko.
16 Gizaki guztien artetik aukeratu zuen
Jaunari oparia eskaintzeko,
baita intsentsua eta lurrina ere, oroigarri gisa,
eta herriaren aldeko barkamen-ohikunea egiteko.
17 Bere aginduak interpretatzeko
eta lege-arazoak erabakitzeko ahalmena eman zion,
Jaunarenganako betebeharrak Jakoben herriari irakatsi
eta legeari buruzko argibideak Israeli emateko.
18 Basamortuan, harenganako jelosiaz,
aurka altxatu zitzaizkion beretar ez zirenak* 45,18 beretar ez zirenak: H.h., arrotzak; Datan, Abiram eta Kore arrotz ziren Aaronen familiarekiko.:
Datan eta Abirami elkarturiko jendea
eta Koreren taldea, haserre-suminez beterik.
19 Hori ikusirik, Jaunak ez zuen atsegin izan,
eta haserre-suminaz suntsitu zituen;
mirariak egin zituen haien aurka,
bere suaren garretan irentsiz.
20 Areagotu egin zuen Aaronen ospea
eta ondaretzat eman zizkion
lehen fruituen hasikinak;
batez ere, asebetetzeko adina janari ziurtatu zion:
21 Jaunari eskainitako oparigaiak dituzte elikagai,
Jaunak eman baitzizkien berari eta ondorengoei.
22 Halere, herriari emandako lurraldean ez du ondarerik,
ez du lurzatirik beste herritarrek bezala,
Jaunak esan baitzion:
«Neu izango nauzu ondare eta mantenu».

Pinhas

23 Pinhas, Eleazar-en semea, da ospean hirugarrena,
Jaunaren begiruneaz arduratsu agertu zelako;
herriak huts egitean, zintzo iraun zuen
bere barruko adore eta indarrez,
Israelentzat barkamena lortuz.
24 Horregatik, bake-ituna egin zuen Jaunak berarekin,
eta santutegiaren eta herriaren buru jarri zuen;
horrela, berarena eta ondorengoena izango zen
apaizgo nagusia betiko.
25 Davidekin, Judaren leinuko Jeseren semearekin ere,
egin zuen Jaunak ituna,
baina errege-ondarea
semeetako bati bakarrik pasatzen zaio;
Aaronen ondarea, ordea, ondorengo guztiei.
26 Jar dezala Jaunak jakinduria
Aaronen ondorengoen bihotzean,
herria zuzenbidez gidatzeko,
aurrekoen ondasunak desager ez daitezen,
ezta haien ospea ere gizaldiz gizaldi.