← Anterior Ben Sirak 16 Següent →

Fedegabeen madarikazioa

1 Ez gura izan seme-alaba ugari,
onak izango ez badira;
ez poztu, dituzun seme-alabak fedegabeak badira.
2 Ugari izan arren, ez poztu beraiengatik,
Jauna errespetatzen ez badute.
3 Ez jarri zeure uste ona haien bizitza luzean,
ezta oinarritu ere haien kopuru handian,
hobe baita bakar bat* 16,3 Bigarren lerroaren ondoren, eskuizkribu batzuek eransten dute: garaia baino lehen egin beharko duzu negar eta laster ezagutuko haien amaiera. // bakar bat: Hebreerazkoak eransten du: Jaunaren nahia egiten duena.mila baino,
hobe batere gabe hiltzea haur fedegabeak izatea baino.
4 Gizaki zentzudun bakar bat aski baita hiria betetzeko,
baina legegabeen askazia deuseztatua izango* 16,4 baina… izango: Hebreerazkoak dio: baina legegabekoen talde batek suntsitu egiten du..
5 Horrelako asko ikusia naiz,
eta handiagoak ere entzuna.
6 Bekatarien batzarrean sortu zen sua,
herri errebeldearen kontra Jaunaren sumina piztu.
7 Ez zien antzinako erraldoiei barkatu,
beren indarrez fidaturik kontra altxatu zitzaizkionean.
8 Ez zuen Lot-en hiria ere zigor gabe utzi,
nardagarri baitzitzaion hango harrokeria.
9 Ez zen errukitu herri galduaz,
ezabatua izan zen bere bekatuengatik* 16,9 herri galduaz: Segur aski, Kanaan lurraldeko antzinako biztanleak, grekozko eskuizkribu batek adierazten duen bezala (ik. Has 15,16-21). // bere bekatuengatik: Eskuizkribu batzuek eransten dute: Hau dena herri sinesgogorrei egin zien, haien artean ez zuen inor atsegin zitzaionik aurkitu.;
10 berdin gertatu zitzaien seiehun mila oinezkoei ere,
beren sinesgogorkerian bat etorri ziren israeldarrei* 16,10 israeldarrei: Egiptotik irten ziren israeldarrak dira. Jaunaren kontra altxatu zirenez, ez ziren agindutako lurraldean sartu (ik. Zen 1,46; 11,21; 14,20-35). Eskuizkribu batzuek eransten dute: Zigorkatu eta errukituz, jo eta sendatuz, Jaunak bere bihozberatasun eta zentzarazpenez gorde zituen..
11 Nahiz eta bat bakarra egon kaskagogorra,
harrigarria litzateke kalte gabe geratzea;
errukiorra eta era berean haserrekorra baita Jauna,
ahaltsua barkatzen eta sumina isurtzen.
12 Errukia bezain handia du zorroztasuna,
egintzen arabera epaitzen du gizakia.
13 Bekataria ez da berearekin aurrera aterako,
zintzoaren jasankortasuna ere ez da hutsean geratuko.
14 Erruki-egintza orok izango du saria,
bere egintzen arabera hartuko bakoitzak* 16,14 Eskuizkribu batzuek, hebreerazkoarekin bat, eransten dute: 15 Jaunak setatsu jarri zuen faraoia, ez zezan aintzat hartu, eta horrela beraren egintzak mundu osoan ezagut zitzaten. 16 Guztiei azaldu die bere maitasuna, argia eta iluna banatu gizakiei..

Ordainsariaren ziurtasuna

17 Ez esan: «Jaunarengandik ezkutatuko naiz;
han goitik, nor oroituko da nitaz?
Hainbeste jenderen artean ez nau ezagutuko;
zer naiz, bada, ni mundu zabalaren erdian?»
18 Hara, zeruak eta zeruen zeruak,
lurrak eta leizeak dar-dar egiten dute hura etortzean* 16,18 Eskuizkribu batzuek eransten dute: Beraren borondatez izan da mundu osoa egina.;
19 mendiak eta lurraren oinarriak
dardaraz jartzen hark begiratzean.
20 Baina honetaz guztiaz ez da gogoetarik egiten;
nork jartzen die arreta hark egindakoei?
21 Oharkabean etortzen den ekaitza bezala,
haren egintza gehienak ezkutuan gertatzen dira* 16,21 Hebreerazkoak dio: Niri ere ez dit jaramonik egiten. Nor ohartuko da nire jokabideaz? Bekatu egiten badut, ez nau inork ikusiko; ezkutuan gezurra esaten badut, nork jakingo du?.
22 «Jaunaren justizi egintzak, nork aldarrikatzen ditu?
Nor dago haien zain?
Ez da berehala gertatuko hark agindutakoa* 16,22 Ez da… agindutakoa: H.h., Urruti baita ituna. Itun horren arabera, Jainkoak agindua du bakoitzari bere merezia emango diola amaieran (ik. 14,12 eta oh.). // Eskuizkribu batzuek eransten dute: Eta gauza guztien azterketa azkenean bakarrik egingo da.!»
23 Honela pentsatzen du bihotz kaskarrekoak;
burugabeak, bide-galduak, zorakeria besterik ez.

Jainkozko jakinduria kreazioan

24 Entzun, seme, eta zeureganatu jakintza;
jarri zeure bihotza ene esanetara.
25 Neurritasunez azalduko dizut irakaspena,
zehaztasunez iragarriko jakin beharrekoa.
26 Jaunak, hasieran bere egintzak burutu zituenean,
bakoitzari bere lekua izendatu zion* 16,26 egintzak: 26-28 tx.etako egintzak astroak dira. // izendatu zion: 16,26 tx.etik 25,8 tx.era hebreerazko testua falta da, zati txiki batzuk bakarrik ezagutzen direlarik..
27 Betiko arautu zien beren egitekoa,
hasieratik urrutiko etorkizuna arte.
Ez dira gose, ezta nekatzen ere,
ez dute beren eginkizunean hutsik egiten.
28 Batek ere ez dio ondokoari traba egiten,
sekula ez dute haren hitza bete gabe uzten.
29 Gero, Jaunak lurrerantz begiratu zuen
eta bere ondasunez bete mundua.
30 Mota guztietako bizidunez estali zuen lur gaina,
eta lur azpira itzuli behar dute hiltzean.