97. (96.) SALMOA

Jaunaren agerpena: epaiketa eta askapena

1 Errege da Jauna! Poz bedi lurra,
alai bitez uharte eta kostaldeak!
2 Hodei beltz-ilunak haren inguruan,
justizia eta zuzenbidea haren tronu-oinarri.
3 Sua doakio aurretik, inguruko etsaiak kiskaliz.
4 Haren tximistek munduan argi: ikustean, lurrak dardara.
5 Mendiak argizaria bezala urtzen dira
Jaunaren aurrean, lur osoaren Jabearen aurrean.
6 Zeruek haren justizia iragartzen dute,
herri guztiek haren ospea ikusten.
7 Lotsa dira idolozale guztiak,
huskeria horiekin harro daudenak.
Ahuspez Jaunaren aurrean beste jainko guztiak!
8 Entzutean, Sion poztu,
Judako hiriak alaitu egiten dira
zuk erabakiagatik, Jauna!
9 Izan ere, Jauna, goi-goikoa zara,
lur osoaren gainetik gailen,
jainko guztien gainetik garai.
10 Gaitzari gorroto diotenak maite ditu Jaunak,
bere fededunen bizia zaintzen du:
gaiztoen eskutik libratuko ditu!
11 Argia sortzen da zintzoaren barruan* 97,11 Argia… barruan: H.h., Argia erein da zintzoarentzat; antzinako itzulpenek sortzen da diote.,
poza bihotz zuzenekoengan.
12 Poz zaitezte Jaunarekin, zintzook,
goretsi, santua dela gogoratuz!