46. (45.) SALMOA

Munduaren gain dagoen eta Jerusalemen bizi den Jainkoari laudorioa

1 Koru-zuzendariarentzat. Koreren semeena. Oboez* 46,1 Oboez: Hitzaren esanahia ez da segurua; zenbaitek «Neska gazteak» doinuan itzultzen du.. Kanta.
2 Jainkoa dugu babesleku eta indar,
larrialdian laguntzaile seguru.
3 Ez dugu, beraz, beldurrik,
nahiz eta lurrak dardara egin
edota mendiak itsas hondora amildu,
4 nahiz eta olatuek apar-bitsetan orro egin
edota mendiak itsasoaren oldarrez ikaratu* 46,4 46,3-4 tx.etako irudiek dena berriro hasierako kaosera itzultzen dela adierazten dute. Zenbait itzultzailek 46,8 eta 46,12 tx.etako leloa ezartzen du 46,4 tx.aren ostean ere, paralelismoa osatzeko..
5 Ibai baten adarrek alaitzen dute Jainkoaren hiria.
Goi-goikoak bere bizilekua sagaratu du.
6 Jainkoa erdian duela, ez du koloka egiten,
goiz-goizetik laguntzen dio Jainkoak.
7 Nazioek ikara, erreinuek koloka:
Jainkoa mintzatu eta lurra irauli.
8 Jaun ahalguztiduna gurekin!
Jakoben Jainkoa gure gotorleku!
9 Zatozte, ikus Jaunaren egintzak,
lurrean egin duen iraulketa:
10 mundu osoan guduak geldiarazi, uztaiak puskatu,
lantzak apurtu, babeskiak* 46,10 babeskiak: Grekozko itzulpenaren arabera; hebreerazkoak guda-gurdiak dio.sutan erre.
11 «Utzi armak! Aitor ezazue Jainkoa naizela,
herrien gain eta lurraren gain nagoela».
12 Jaun ahalguztiduna gurekin!
Jakoben Jainkoa gure gotorleku!