«Ez dut gupidarik bihotzean»
1 Efraim mintzo zenean,ikara sortzen zuen Israelen.
Baina, Baal zerbitzatuz,
errudun bihurtu
eta galdu egin zen.
2 Oraindik ere bekatu eginez
jarraitzen dute:
beren zilarrez, jainko-irudiak
moldatzen dituzte
beren asmamenaren arabera,
artisau-lan hutsa guztia.
Baina sakrifizioak eskaini behar
omen zaizkie.
Gizakiak zekorrei musuka* 13,2 Baina sakrifizioak… musuka: Hebreerazkoa iluna da.!
3 Horregatik, goiz-lainoaren
antzeko izango dira,
berehala kentzen duen
goiz-ihintzaren antzeko;
haizeak larrainetik urruti daraman
lasto-izpiaren eta tximiniatik doan
kearen antzeko.
4 Honela dio Jaunak:
«Baina ni, Jaun hau,
zure Jainkoa naiz
Egipton zeundenetik.
Ez duzu ni beste jainkorik
aitortu behar,
ez baita nitaz kanpo
beste salbatzailerik.
5 Nik zaindu zintudan basamortuan,
lur idorrean.
6 Janaritu nituen eta ase ziren.
Baina ase orduko,
harrotu egin ziren
eta ahaztu egin ninduten.
7 Beraz,
lehoi bihurtuko naiz haientzat,
lehoinabarra bezala
egongo natzaie zelatan.
8 Umeak harrapatu dizkioten
hartz amak bezala egingo diet eraso,
bularra urratuko diet.
Lehoi amak bezala irentsiko ditut,
basapiztiek sarraskituko dituzte.
9 Zureak egin du, Israel;
ez duzu ni beste laguntzailerik.
10 Non duzu orain zeure erregea,
zeure hirietan salba zaitzan?
Non dira zure agintariak?
Hala eskatu zenidan:
“Emazkidazu erregea
eta buruzagiak”.
11 Haserreturik, erregea eman nizun
eta, sumindurik,
kendu egingo dizut orain.
12 Efraimen bekatua gogoan daukat,
haren hutsegiteak ongi jasoak ditut.
13 Haur zoro baten antzeko da Israel:
amari erdiminak iristean,
ez da aterabidean jartzen.
14 Eta Hildakoen Egoitzatik
atera egingo ote ditut?
Heriotzatik askatu egingo ote ditut?
Herio, non dituk heure izurriak?
Herio-leize,
non dituk heure gaitzak?
Ez dut gupidarik bihotzean».
15 Efraim bere senideen artean
jori ageri bada ere,
hego-haizea* 13,15 hego-haizea: Asiria, alegia.bidaliko du Jaunak
basamortuan gora:
Efraimen urburua lehortuko du,
iturriak agortuko.
Altxorreko bitxi eder guztiak
eraman egingo dizkiote.