Erregetzari buruzko parabolak (13,1-52)

Ereilearen parabola

(Mk 4,1-9; Lk 8,4-8)

1 Egun batez, Jesus etxetik atera eta aintzira-ertzean eseri zen. 2 Eta hainbeste jende bildu baitzitzaion ondora, txalupa batera igo eta eseri egin zen. Jende-taldea, berriz, hondartzan zegoen. 3 Eta luze hitz egin zien parabola bidez. Honela mintzatu zitzaien: «Atera zen behin ereilea hazia ereitera. 4 Ereitean, zenbait ale bide-bazterrean erori zen, eta txoriek etorri eta jan egin zuten. 5 Beste zenbait harri artean erori zen, lur handirik ez zen tokian; eta, axaleko lurra izanik, berehala erne zen; 6 baina eguzkiak jo orduko, erre egin zen eta, sustrairik ez zuelako, ihartu. 7 Beste zenbait ale sasi artean erori zen, eta sasiek, haztean, ito egin zuten hazia. 8 Gainerakoak lur onean erori ziren, eta fruitua eman zuten: bateko ehun edo hirurogei edo hogeita hamar. 9 Ulertzeko gauza denak uler beza».