1 2 3 4 5 6 7

Jerusalem bakearen hiriburu

(Is 2,2-4)

1 Azken egunetan,
Jaunaren etxea dagoeneko mendia,
beste mendien gain
ezarriko du Jaunak,
mendixka guztien gainetik jasoko.
Eta hara joko dute herriek.
2 Nazio asko joango dira hara, esanez:
«Zatozte,
igo gaitezen Jaunaren mendira,
Jakoben Jainkoaren etxera;
bere bideak erakutsiko dizkigu,
eta gu haren bidexketan ibiliko gara;
Siondik irakatsiko baitu Jaunak,
Jerusalemdik hitz egingo».
3 Hark herri asko epaituko ditu,
nazio indartsuen auziak erabakiko,
baita urrutikoenenak ere.
Ezpatak golde bihurtuko dituzte
eta lantzak igitai.
Ez da naziorik
nazioren kontra altxatuko,
ez dira gehiago
gudurako prestatuko.
4 Nor bere mahats-parrapean
eseriko da,
bere pikondopean,
inoren beldurrik gabe.
Honela agindu du
Jaun ahalguztidunak.
5 Beste herri guztiak
nor bere jainkoaren
esanera dabiltza;
gu, ordea, Jaunaren,
geure Jainkoaren, esanera
ibiliko gara menderen mendetan.

Artalde sakabanatua Sionen bilduko

6 Honela dio Jaunak:
«Egun hartan,
ardi herrenak bilduko ditut,
nik gogor erabili
eta sakabanatuak batuko.
7 Herren eta sakabanatu hauekin,
bizirik geldituekin,
herri indartsua egingo dut.
Eta ni, Jauna,
errege izango naute Sion mendian,
orain eta beti.
8 Eta zuri, artzain-dorre,
Sion hiriko gotorleku* 4,8 gotorleku: Jatorrizkoan Ofel; errege-jauregia eraikia zegoeneko auzoa adierazten du (ik. Is 34,12).horri,
berriro itzuliko zaizu
antzinako agintea,
zuri, Jerusalem hiriburu,
lehen zenuen erregetza».

Jerusalemen sufrimendua eta askapena

9 Baina orain,
zer duzu horrela oihu egiteko,
erdiminetan dagoena
bezala egoteko?
Erregerik gabe zaude, ezta?
Kontseilaria hil zaizu.
10 Bihurritu zaitez, bai,
egin aiene, Siongo herri,
emakumeak erdiminetan bezala;
orain hiritik aterako baitzarete
eta landan biziko.
Babiloniara joango zarete,
baina han salbatuko zaituzte
Jaunak,
zeuen etsaien eskuetatik askatuko.
11 Orain, nazio asko bildu dira
zure aurka; hau diote:
«Profanatua izan bedi;
poz bitez gure begiak,
Sion horrela ikusiz».
12 Baina ez dituzte
Jaunaren asmoak ezagutzen,
ezta ulertzen ere haren burubideak;
izan ere, larrainean gari-balak bezala
bildu ditu Jaunak nazioak,
13 eta Siongo herriari esaten dio:
«Ea, jo alea.
Burdinazko adardun
eta brontzezko azkazaldun
idia bezain indartsu egingo zaitut.
Herri asko birrinduko dituzu,
eta haiei harrapatutako ondasunak
Jaunarentzat,
lur osoaren Jabearentzat,
sagaratuko dituzu* 4,13 birrinduko, sagaratuko dituzu: Antzinako itzulpenen arabera; hebreerazkoak birrinduko, sagaratuko ditut dio. Gerrako harrapakinak Jaunari sagaratzeko ohituraz, ik. Dt 2,34 eta oh.».
14 Baina orain, prestatu borrokarako,
hiriko gudari-talde hori* 4,14 Tx.eko lehen zatiaren testua eta esanahia ilunak dira..
Etsaiek setiatu gaituzte.
Makilaz masailean jotzen dute
Israelgo agintaria.