1 2 3 4 5 6 7

Buruzagien aurka

1 Zuei diotsuet,
Jakoben ondorengoen buruzagioi,
Israelgo agintarioi:
«Ez al dagokizue zuei
zuzenbideaz arduratzea?
2 Baina ez: ongia gorroto
eta gaizkia maite duzue.
Larrua kentzen diozue jendeari,
eta hezur hutsetan uzten».
3 Nire herriaren haragia jaten dute,
larrua kentzen diote,
eta hezurrak apurtzen;
eltzerako haragia* 3,3 haragia: Grekozko itzulpenaren arabera erantsia.bezala
puskatzen dute,
lapikorako okela bezala.
4 Beraz, Jaunak ez die entzungo,
oihu egingo diotenean;
aurpegia gorde egingo die orduan,
beren egintza gaiztoengatik.

Herria engainatzen duten profeten aurka

5 Honela dio Jaunak
nire herria desbideratzen duten
profetei buruz:
«Jatekoa ematen dietenei
bakea iragartzen diete;
ahora ezer ematen
ez dietenei, berriz, gerra santua.
6 Horregatik, ikuskarien ordez
gau beltza izango dute,
igarpenen ordez iluna.
Eguzkia sartu egingo da
profeta horientzat,
eta eguna ilundu».
7 Ikusleak lotsatu egingo dira,
igarleak ahalkez gorrituko;
ahoa itxi egingo dute denek* 3,7 ahoa itxi egingo dute denek: H.h., denek biboteak estaliko dituzte.,
ez baitute
Jainkoaren erantzunik izango.
8 Ni, ordea,
Jaunaren espirituaz betea nago,
haren indar, zuzentasun
eta kemenaz betea,
Jakoben ondorengoei
beren errebeldia
eta Israeli bere bekatua adierazteko.

Jerusalemen hondamendia iragarri

9 Entzun hau,
Jakoben herriaren buruzagiok,
Israelgo agintariok,
zuzentasuna higuintzen
eta zuzenbidea okertzen duzuenok:
10 odolaz eraikitzen duzue Sion,
bidegabekeriaz Jerusalem.
11 Buruzagiek eskupekoaren truke
epaitzen dute,
apaizek soldatagatik irakasten,
profetek diru-ordainetan iragartzen;
eta, halere,
Jaunarengan babesten dira, esanez:
«Ez al dugu, bada, Jauna geurekin?
Zoritxarrak ez gaitu joko».
12 Horregatik, zuen erruz,
goldalur bihurtuko da Sion,
harri-pila Jerusalem,
baso tenpluaren mendia.