Jesus piztu. Hilobia hutsik
(Mt 28,1-10; Mk 16,1-8; Lk 24,1-12)
1 Asteko lehen egunean* 20,1 Asteko lehen eguna: Juduentzat larunbatarekin burutzen da astea. Asteko lehen eguna gure igandea da.Magdalako Maria hilobira joan zen goizean goiz, artean ilun zegoela, eta harria hilobitik kendua ikusi zuen. 2 Orduan, Simon Pedrorengana eta Jesusek maite zuen beste ikasleagana itzuli zen lasterka, eta esan zien: «Eraman egin dute Jauna hilobitik, eta ez dakigu non ipini duten». 3 Irten ziren, orduan, Pedro eta beste ikaslea eta hilobirantz jo zuten. 4 Biak batera zihoazen korrika, baina beste ikaslea Pedro baino arinago zihoan, eta lehenago iritsi zen hilobira. 5 Barrura begiratzeko makurturik, oihal-zerrendak lurrean zeudela ikusi zuen, baina ez zen sartu. 6 Iritsi zen haren atzetik Simon Pedro eta sartu zen hilobira. Oihal-zerrendak lurrean ikusi zituen, 7 baita Jesusen burua biltzen egoniko zapia ere; baina hau ez zegoen oihal-zerrendekin batera jarria, beste toki batean aparte bildua baizik. 8 Orduan, sartu zen beste ikaslea ere, hilobira lehenengo iritsi zena. Ikusi eta sinetsi egin zuen. 9 Izan ere, ordu arte ez zuten ikasleek ulertu Liburu Santuak dioena, Jesusek hildakoen artetik piztu behar zuela, alegia. 10 Pedro eta beste ikaslea etxeratu egin ziren.