1 Zintzoak hil,
eta inori axolarik ez;
leialak desagertu,
eta inork ulertu nahi ez
gaiztakeriak desagerrarazten
duela zintzoa.
2 Baina iritsiko da bakea,
eta zuzen jokatu dutenek
hartu ahal izango dute atseden.

Idolatriazko kultuen aurka

3 Jaunak dio:
«Etorri hona, zuek, sorginkumeok,
adulteriogile
eta prostituziozale* 57,3 adulteriogile eta prostituziozale: Adulterioa eta prostituzioa Jainkoarekiko desleialkeria, idolatria bereziki, adierazteko irudiak dira (ik. Os 1,2 oh.).zaretenok:
4 Nori egiten diozue barre?
Noren kontra zabaltzen duzue ahoa
eta luzatzen mihia?
Ez zarete, bada, zeuek ere
bekatukume eta sasi-umealdi?
5 Edozein haritz
eta zuhaitz handiren azpian* 57,5 zuhaitz handiren azpian: Ik. 1,29 oh.
berotzen zarete lizunkeriatan;
erreka ondoko haitzarteetan
hiltzen dituzue umeak oparitzat.
6 Israel, erreka ondoko harri leunak,
zeure kultugai izan dituzunak,
horiexek izango dituzu zorigaitz.
Horiei eskaini dizkiezu
isur- eta labore-opariak.
Eta horrek baretu behar ote du
nire haserrea?
7 Mendi-tontor garai batean
ipini zenuen ohea,
eta bertara igotzen zinen
sakrifizioak eskaintzera.
8 Etxeko ate-alboetan
ezarri zenituen
idolatriazko zeure oroigarriak.
Ni alde batera utzirik, biluzik jarri,
zeure ohe zabalean etzan
eta maitaleez aprobetxatzen zinen.
Atsegin zenuen haiekin oheratzea* 57,8 Tx.eko testua aski iluna da eta itzulpena zalantzazkoa. Itzuli ez ditugun bi hitz ageri dira bukaeran; hau diote h.h.: Eskuari begiratu diozu; esanahia ez dago argi..
9 Molok jainkoarengana* 57,9 Molok jainkoa: Hebreerazkoak Melek dakar, errege esan nahi duen hitza; ik. Lb 18,21 oh. eta 1 Erg 11,7.
joaten zinen,
olioa eta lurrinak ugari eramanez;
urrutiraino bidali zenituen
mandatariak,
Hildakoen Egoitzaraino jaitsarazi.
10 Ibiliaren ibiliz nekatu egiten zinen,
baina sekula ez zenuen
dena alferrik zela aitortu.
Behin eta berriro indarberrituz,
ez zenuen inoiz etsi.
11 «Noren ikara zinen, noren beldur,
niri huts egiteko,
nitaz erabat ahazteko?
Luzaroegi isilik egon naizelako
galdu didazu beldurra, ezta?
12 Baina orain salatu egingo dut
zure jokabidea,
zure ustetan hain zuzena:
ez dizu ezertarako balio izango.
13 Ea salbatzen zaituen
zeure idolo-multzoak,
zuk laguntza eske deiadar egitean!
Haizeak eramango ditu denak,
putzaldi batek desagerraraziko.
Niregan babesten denak, ordea,
lurraldea eskuratuko du,
nire mendi santua
hartuko jabetzan».

Jaunak, berak zigortutako herria sendatuko

14 Jaunak esango du:
«Berdindu galtzada, berdindu;
zabaldu bidea,
kendu nire herriari
oztopoak bidetik».
15 Bai, hau dio
garai eta goren den Jainkoak,
betiko erregeak, santu deritzanak:
«Toki garai eta sakratuan bizi naiz,
baina hurbil nago atsekabeturik
eta lur jota daudenengandik,
lur joak arnasberritzeko
eta atsekabetuei
adorea bizkortzeko.
16 Ez dut beti auzitan jardungo,
ez naiz etengabe haserre egongo,
neuk egindako bizidunek
nire aurrean
bizi-arnasa gal ez dezaten.
17 Herriaren gaiztakeriagatik,
haserretu egin nintzen une batez,
zigortu egin nuen
eta ezkutatu egin nintzaion.
Berak bizkarra eman zidan
eta bere gogoko bidetik jo zuen.
18 Badakit nondik nora ibili den,
baina sendatu egingo dut eta gidatu,
eta kontsolamendu betea
emango diot.
19 Dolutan zeudenei
kantua jarriko diet ezpainetan.
Eta esango diet:
“Bakea, bakea urrutikoei
eta hurbilekoei!”
Bai, sendatuko dut neure herria.
20 «Gaiztoek, berriz,
itsaso zakarra dirudite:
haren urak ezin baretu,
zikina eta lohia
harrotzen dutelarik beti.
21 Gaiztoentzat ez da bakerik».
Nire Jainkoak esan du.