Mahastiaren maite-kanta

1 Neure adiskidearen izenean
nator kantatzera
adiskidearen
eta beraren mahastiaren kanta* 5,1 mahastiaren kanta: Mahastia ohiko irudia da Jainkoaren herria adierazteko. Mahastia emakumearen sinbolo ere badenez (ik. Kt 1,6 oh.; Kt 8,11), ituna gogorarazten du, Jainkoaren eta herriaren arteko maitasunezko lotura..
Nire adiskideak bazuen mahasti bat
malda jori batean.
2 Lurra harrotu, harriak kendu
eta landarerik onenak
landatu zituen.
Erdian talaia eraiki zuen,
eta dolarea egin.
Mahats gozoa espero,
eta sasi-mahatsa eman zion.
3 Orain, bada,
Jerusalemgo bizilagunok,
Judako gizon-emakumeok,
zuek erabaki nire
eta nire mahastiaren arteko auzia.
4 Zer egin niezaiokeen
neure mahastiari
egin diodanaz gainera?
Mahats gozoa espero nuen:
zergatik eman dit sasi-mahatsa?
5 Esango dizuet, bai,
zer egingo diodan neure mahastiari:
itxitura kenduko diot,
larre bihur dadin;
harresia zulatuko, zapal dezaten;
6 lugorri bihurtuko dut:
ez dute inausiko, ez jorratuko,
eta sasiek eta laharrek hartuko dute;
bertan euririk ez egiteko
aginduko diet hodeiei.
7 Israel da
Jaun ahalguztidunaren mahastia;
Judako herria,
haren landare-sail kutuna.
Zuzenbidea espero zuen
harengandik,
eta horra: zuzengabekeria!
Justizia espero zuen,
eta horra: aieneak!

Gaiztoen aurka madarikazioak

8 Ai zuek, etxea etxeari
eta soroa soroari
eransten diozuenok,
besteak bizitokirik gabe utziz,
lurralde osoaren
jaun eta jabe bakar izateko!
9 Entzuna dut Jaun ahalguztidunak
egindako zina:
«Etxeok oro hondatu egingo dira;
handiak eta ederrak izan arren,
hutsik geldituko.
10 Hiru hektareako mahastiak
zahagi erdi bat ardo besterik
ez du emango;
hamar anega hazik
anega bat ale besterik ez».
11 Ai zuek, goizean goiz edanari ekin
eta gauean berandu arte
ardoz berotzen zaretenok!
12 Zitara eta harpa,
danbolin eta txistu-soinua
eta ardoa ugari zuen janaldietan;
baina Jaunaren ekintzaz* 5,12 Jaunaren ekintza: Joan-etorri handiko ideia da Isaiasen mezuan. Jaunaren ekintzaz singularrean mintzo da beti, nahiz eta ekintza era askotakoa izan, asmo bakar bati erantzuten diola aditzera emanez (ik. 5,19; 28,21; 31,2).
ez zarete ohartzen,
haren egintzak
ez dituzue aintzakotzat hartzen.
13 Horregatik,
nire herria erbestera daramate
bere axolagabekeriagatik.
Buruzagi eta jende xehe,
gose-egarriz hilko dira denak.
14 Herio Leizeak neurrigabe
zabalduko du aho-zuloa
eta irekiko eztarria,
handikiak eta herri xehea irensteko,
beren irri eta barre guztiekin batera.
15 Makurtu beharko du, bai, gizakiak,
eta bere burua apaldu;
begiak jaitsi beharko harroek.
16 Jaun ahalguztidunak justizia eginez
agertuko du bere handitasuna;
Jainko santuak epaia betez
agertuko du bere santutasuna.
17 Erraustutako hirian,
zelaian bezala
bazkatuko dira ardiak,
larratuko ahuntzak.
18 Ai zuek, idiek gurdia bezala
bekatua garraiatzen duzuenok!
19 Honela diozue:
«Bizkor burutu beza Jaunak
bere egintza,
ikusi ahal dezagun;
lehenbailehen bete beza
Israelgo Santuak bere asmoa,
ezagutu ahal dezagun».
20 Ai zuek, gaitzari on eta onari gaitz
esaten diozuenok,
iluna argi eta argia ilun,
samina gozo eta gozoa samin
bihurtzen duzuenok!
21 Ai zuek, zeuen begitan jakintsu,
zeuen ustetan zentzudun zaretenok!
22 Ai zuek, ardoa edaten nagusi,
edariak nahasten txapeldun
zaretenok,
23 errudunari diru-truke
arrazoi ematen
eta errugabeari zuzenbidea
ukatzen diozuenok!
24 Beraz, suak lastoa irensten
eta sugarrak galtzua
kiskaltzen duen bezala,
halaxe ihartuko dira zuen sustraiak,
hauts bihurtuko zuen loreak.
Zeren eta Jaun ahalguztidunaren
irakaspena baztertu egin baituzue
eta Israelgo Santuaren hitza
mespretxatu.

Jaunaren haserrea. Urrutiko herri bati dei

25 Horregatik piztu da
Jaunaren haserrea
beraren herriaren aurka;
luzatua du eskua zigortzeko.
Dar-dar dagite mendiek,
zaborra bezala daude
gorpuak kaleetan.
Hala ere,
Jaunaren haserrea ez da baretu;
luzatua du oraindik eskua
zigortzeko* 5,25 Tx. hau 9,7–10,4 zatiko poemarekin lotua dago, han errepikatzen den lelo bera aurkitzen baitugu hemen: Hala ere… eskua zigortzeko..
26 Urrutiko herri bati* 5,26 Urrutiko herri bat: Herri hau Asiria da; milaren bat km-ra egon arren, Isaiasen garaian behin eta berriz eraso zion Palestinari.
egingo dio dei Jaunak,
bandera jasoz eta txistuka,
eta lurraren azken bazterretatik
etorraraziko du.
Hor non datozen arin eta bizkor:
27 ez dira nekatzen,
ez estropezu egiten;
ez ditu loak,
ez logaleak geldiarazten;
ez zaie gerrikoa askatzen,
ez eta oinetako lokarria eteten.
28 Ongi zorroztuak dituzte geziak,
ongi tenkatuak uztaiak.
Haien zaldi-apatxak
harria bezain gogor,
haien gurdi-gurpilak
zurrunbiloa bezain bizkor;
29 haien orroa lehoiarena,
lehoikumearena bezalakoa:
orro eginez, harrapakinari heldu
eta eraman egiten du,
eta ezin dio inork kendu.
30 Egun hartan,
Israelen aurka egingo du orro,
itsasoak egin ohi duen bezala.
Eta lurrari begiratuko dionak,
ilunpea eta atsekabea besterik
ez du ikusiko,
eta argia hodei beltzek ilundua.