Bakezko garaia

1 Kimu bat aterako da
Jeseren* 11,1 Jese: Daviden aita (ik. 1 Sm 16,1) eta, beraz, Judako errege-jatorriaren arbasoa. Badirudi 11,1-9 atalean, 7,14-17 eta 9,1-6 ataletan ez bezala, etorkizuneko erregea, David berria, aipatzen dela, eta iragarpena zentzu mesianikoan irakurri ohi da judu- eta kristau-tradizioan.zuhaitz-ondotik,
adaxka bat erneko
haren sustraietatik.
2 Beraren gainean kokatuko da
Jaunaren Espiritua:
jakinduriaz eta adimenez beteko du,
kontseilari zuhur egingo
eta kemenez jantziko,
Jainkoa ezagutzen
eta haren esaneko izaten
irakatsiko dio.
3 Jainkoarenganako begirunea
izango du pozbide.
Ez du itxuratik bakarrik epaituko,
ez du entzundako hutsetik
erabakiko.
4 Jende xehea zuzenbidez
epaituko du,
lurraldeko dohakabeen eskubideak
defendatuko.
Makilaz bezala zigortu eta hilko ditu
bere hitzez herriko gaiztoak.
5 Justiziak eta leialtasunak
inguratuko dute,
gerrikoak gerria bezala.
6 Orduan, otsoa eta bildotsa
elkarrekin biziko dira,
lehoinabarra eta antxumea
elkarren ondoan etzango;
zekorra eta lehoikumea
batera haziko dira,
eta haurtxo batek zainduko ditu.
7 Behia eta hartz emea
elkarrekin larratuko dira
eta haien umeak batera etzango.
Lehoiak lastoa jango du,
idiaren antzera.
8 Bularreko haurra
suge-zuloetan jolastuko da,
sugegorri-habian sartuko du eskua.
9 Nire mendi santu osoan
ez du inork kalterik,
ez hondamendirik egingo,
Jaunaren ezagupenak beteko baitu
lurralde osoa, urak itsasoa bezala.

Herria erbestetik itzuli

10 Egun hartan,
Jeseren zuhaitz-ondoko kimua
bandera gisa altxatua izango da,
herri guztien begi aurrean;
nazioak bila joango zaizkio
eta ospetsua izango da
haren egoitza.
11 Egun hartan,
Jaunak eskua luzatuko du berriro,
bere herrian bizirik geldituak
bereganatzeko,
Asiria eta Egiptotik,
Patros, Etiopia eta Elamdik,
Xinear, Hamat
eta itsasertzeko lurraldeetatik* 11,11 berriro: Lehen aldia Egiptotik herria askatzeko izan zen. // lurraldeak: Israeldarrak erbesteratuak egon zireneko lurraldeak. Patros Egipto Garaia da; Elam gaur egungo Iran aldea; Xinear Babilonia; Hamat Siria iparraldeko hiria, eta itsasertzeko lurraldeak Mediterraneoko uharte eta kostaldeak..
12 Bandera jasoko du herrientzat;
israeldar erbesteratuak bilduko ditu
eta Judako sakabanatuak
lurraren lau aldeetatik elkartuko.
13 Efraimen ikusezina galdu egingo da
eta Judaren etsaigoa amaitu.
Efraimek ez du Judarentzat
ikusezinik izango,
ezta Judak ere
Efraimentzat etsaigorik.
14 Biek elkar harturik,
mendebaldeko filistearrei
atzetik erasoko diete,
sortaldeko herriei
aberastasunak kenduko.
Edom eta Moaben jabe egingo dira,
eta amondarrak* 11,14 Edom, Moab, amondarrak: Judako erreinuaren inguruko herriak aipatzen dira; Davidek menpean hartu zituen, baina gerora independentzia lortu zuten.
menpeko izango dituzte.
15 Jaunak Egiptoko Itsaso Gorria
lehortuko du;
Eufrates ibaiaren gain eskua luzatu
eta, haize errea ateraraziz,
zazpi errekatan banatuko du,
eta oinetako eta guzti
igaro ahal izango dute.
16 Jaunaren herrian bizirik geldituek
bide zabala izango dute
Asiriatik itzultzean,
Israelek Egiptotik irtetean bezala.