1
2
3
4
5
6
7
8
9
10
11
12
13
14
15
16
17
18
19
20
21
22
23
24
25
26
27
28
29
30
31
32
33
34
35
36
37
38
39
40
41
42
43
44
45
46
47
48
Egiptoko erregeagatik hileta-eresia
1 Hamabigarren urtean, hamabigarren hilaren* 32,1 Hamabigarren… hilaren: K.a. 585. urteko otsaila/martxoa.batean, honela mintzatu zitzaidan Jauna: 2 «Gizaseme, kanta eresi hau Egiptoko errege faraoiari buruz:«“Lehoikumea ematen zenuen
nazioen artean,
baina uretako krokodiloa
bezalakoa zara:
plisti-plasta zabiltza zeure ibaian,
hankekin ur-lasterrari eragin
eta ura zikintzen duzu”.
3 «Hau diot nik, Jainko Jaunak:
Inguruan nazio asko bildu
eta neure sarea
botako dizut gainera;
nire sarean aterako zaituzte.
4 Lurrera botako zaitut
eta bertan behera utziko
landa zabalean;
hegazti guztiak pausaraziko ditut
zure gainean
eta basapiztia guztiak asebeteko
zure haratustelaz.
5 Mendietan sakabanatuko dut
zure sarraskia
eta harekin haranak beteko;
6 zure odolaz blai egingo dut lurra,
mendi gainetatik isuri
eta erreka-zuloak ere beteko.
7 Zu itzaltzean, zerua estaliko dut:
izarrak ilundu
eta eguzkia lainoz estaliko;
ilargiak ez du distirarik egingo.
8 Zuregatik ilunduko ditut
zeruko argizagi guztiak,
eta ilunpea ekarriko
zure herrialdera.
Honela diot nik, Jainko Jaunak.
9 Herri asko atsekabez beteko da,
zure amaieraren berri nazioei
eta ezagutzen ere ez dituzun
herrialdeei ematean.
10 Herri asko utziko dut txundituta
zuri gertatuaz;
izuak hartuko ditu
haietako erregeak
nik ezpata astintzean
beraien aurrean.
Etengabe egingo dute dardara,
bizia galtzeko beldurrez,
zu eroriko zaren egunean.
11 «Hau diot nik, Jainko Jaunak:
Babiloniako erregearen gudarosteak
harrapatuko zaitu.
12 Munduko naziorik ankerrenetako
gerlarien ezpatapean
eroraraziko dut
zure gudaroste ugaria;
Egiptoren harrokeria
deuseztatuko dute
eta jendetza guztia suntsituko.
13 Ibai handiaren* 32,13 Ibai handiaren: H.h., Ur handien; Nilo ibaiaz ari da.ertzeko
ganadu guztia akabatuko dut;
ez giza oinek, ez abere-hankek,
ez dituzte hango urak
berriro zikinduko.
14 Orduan baretuko ditut ibaiko urak
eta olioa bezain leunkiro
joango dira.
Honela diot nik, Jainko Jaunak.
15 Egipto hondamendi
bihurtuko dudanean
eta herrialdea huts-hutsik utzi,
bizilagun guztiak jo
eta garbituko ditudanean,
orduan jakingo dute denek
ni naizela Jauna.
16 Hau da abestuko duten eresia:
nazio orotako emakumeek
abestuko dute,
Egipto eta hango
jende guztiarengatik abestuko.
Nik, Jainko Jaunak, esana».